Pilota

Bitxiloreak gailendu ziren Altsasun

Guaixe 2023ko mai. 8a, 10:36

Altsasuko jaialdiko parte hartzaileak, botilleroekin. ADOS PILOTA

Ados Pilotaren Udaberri Torneoa abian da

Altsasun abiatu zen, maiatzaren 5ean, emakumezko pilotariak biltzen dituen Ados Pilota elkarteak antolatutako Udaberri Torneoa. Torneo honetan hamabi pilotari lehiatuko dira, lau taldetan banatuta. Hasieran elkarren arteko ligaxka jokatuko da. Jardunaldi bakoitzean bi puntu daude jokoan, lau eta erdiko emaitzak puntu bat emango dio taldeari, eta binakako partidak bestea. Talde bakoitzaren botilleroa bertsolari bat izango da, eta gomendioak eta beste bertsoz emango dituzte.

Altsasun Angel Mari Peñagarikano bertsolariaren Eguzkiloreak taldea (Zabala, Ruiz de Larramendi eta Arrieta) eta Maialen Akizu bertsolariaren Bitxiloreak taldea (Etxebeste, Etxekolonea eta Ruiz de Infante) lehiatu ziren. Bi partidatan Bitxiloreak gailendu ziren. 

Lau eta erdiko partida borrokatuan Ruiz de Larramendik (Eguzkiloreak) 17 eta 18 galdu zuen Ruiz de Infanteren kontra (Bitxiloreak), eta binakakoan Etxekoloneak eta Etxebestek (Bitxiloreak) 22 eta 13 hartu zituzten mendean Arrieta eta Zabala.