Altsasuko Udalak Ondarria industrialdeko D eta B kaleetan euri urak biltzeko eta zorua berritzeko lanak egin zituen joan den urtean. Oraindik ere hobekuntza lanen premiak daudenez, Altsasuko Udalak Ondarria industrialdean hobekuntza lanak eginen ditu aurten ere. C kalean espaloiak konpondu eta kaleko zorua guztiz berrituko duela jakinarazi du Javier Ollo Martinez alkateak, "izan ere, inguru horretan urtetan ez da inolako lanik egin eta oso hondatuta dago".
Industrialdeko B kaleari 2021eko abenduaren 10eko euriteek eta ondorengo uholdeak eragin zioten. Kalearen aldamenetik ibaia pasatzen da eta ur emariak luizi edo gerrietua eragin zuen. Lur mugimendua B kaleko espaloitik bi metrora izan zen. Espaloi azpitik pasatzen dira azpiegiturak, tartean, gasarena. "Arriskutsua denez, konponbidea emateko ibaian harri lubeta bat egin nahi dugu", azaldu du Ollok. Lanek 104.963,36 euroko aurrekontua dute eta horren erdia, 52.481,68 euro, Nafarroako Gobernuaren industrialdeak hobetzeko dirulaguntzaren bidez ordainduko du udalak, beste zatia bere diruzaintzaren gerakinetik aterako da.
Euri jasek eragindako kalteei aurre egiteko dirulaguntza jaso du udalak. Baso eta nekazaritza azpiegituretan sortutako kalteak konpontzeko lanak eman zituen. Baina harri lubeta egitekoa ez. Izan ere, "udal guztiek lanak aldi berean emateko deialdia egin zutenez, eraikuntza enpresa nahikorik ez zegoen. Horregatik, udalak lanak emateko luzapenak eskatu zituen. Azkenekoa ez zuten onartu. Horregatik, Ondarriako harri lubetako lanak industrialdea hobetzeko proiektuan sartu ditugu", azaldu du alkateak.
Bi gehiago
Ondarria industrialdeko lanekin batera beste batzuk zeuden lotea osatuz. Baina udalak lanak emateko egindako eskaintzak hutsik gelditu zirenez, egin gabe gelditu ziren Zangituko bidearen konponketa, Beheko bentako harri lubeta eta Altzania ibaiko gainezkabidearen konponketa Errota Txikin. "Udaleko Lan Zerbitzuak eta Hirigintza Sailak lan horien premia aztertuta, azken biak jo ziren lehentasunezkoak", azaldu du Ollok. Horregatik, udalak erabaki du aurrekontu aldaketa egitea eta 65.447,48 euro bideratzea lan horietara. Kopuru horretatik 26.237,85 hustubideari dagozkio. Lan horren BEZa kengarria da.
Zelandi
Ikastetxe publikoan udan mantentze lanak egiten segituko du Altsasuko Udalak. Alde batetik, joan zen urteko obrari jarraipena emanez, argindar sarea berritzeko bigarren faseko lanak eginen dira. Lan horiek 130.626,6 euroko aurrekontua dute, horietatik Hezkuntza Departamentuak eta udalak erdibana ordainduko dute.
Horrekin batera beste hainbat lan eginen dira ikastetxean: fotokopiagailua gelako pareta bat kendu, 2019 eta 2021ean margotu gabe gelditu ziren gelak margotu, eta pedagogia parkea jartzea berdegunean (Amanespila kale ondoan).
Beste inbertsioak
Ferietako zaldi lehiaketarako 133 hesiak konpontzeko (granailatu eta galbanizatu) 17.000 euro. Balankalekuko itxitura berritzea azienda sartu eta zuhaitz landaketa ez hondatzeko 19.383,1 euro. Erdia udalak ordainduko du eta beste erdia Gipuzkoako Partzoneria Txikiak. Apirileko udal bilkuran Altsasuko Udalak guztira 437.402 euroko balioa duten inbertsioak egitea erabaki zuen.