Mendia

300 mendizaletik gora hiru mendizerrak batzera

Maider Betelu Ganboa 2023ko mai. 12a, 12:00

Urbasako hornidura gunea, 2022ko edizioan.

Altsasuko Mendigoizaleak taldea XIV. Hiru Mendi Zerrak mendi martxarako  azken lanetan murgilduta dago. Eguraldi kaxkarra iragarri dute, baina mendizaleak ez dira kikildu

Astebururako eguraldi nahiko kaxkarra iragartzen dute, baina mendizaleak ez dira izutu eta 300 pertsona baino gehiagok eman dute izena Altsasuko Mendigoizaleak taldeak larunbaterako antolatutako XIV. Hiru Mendi Zerrak mendi martxarako. Antolakuntzakoak guztia prest izateko azken lanetan murgilduta daude: hornidura guneko elikagai eta edariak prestatzen, herritik gertu dauden ibilbidea seinaleztatu eta markatzen, kontroleko datuak antolatzen eta mendizaleek jasoko dituzten opariak prestatzen. 

Hiru Mendi Zerrak mendi martxa Urbasa-Andia, Altzania eta Aralar mendizerrak batzen dituen mendi ibilbide ederra da, mendizaleek asko estimatzen dutena, eta horregatik ibilbide berari eusten dio antolakuntzak. Ibilbidea Euskal Herriko Mendi Ibilbide Luzeen Zirkuiturako eta Nafarroako Iraupen Luzeko Mendi Ibilaldien Txapelketarako puntuagarria da. 

Hiru aukera
Hiru Mendizerrak Ibilaldi Luzea (46 km, 2.700 m desnibel +) eta Hiru Mendizerrak Ibilaldi Laburra (26 km, 1.200 m desnibel +) dira Altsasuko Mendigoizaleak taldeak prestatu zituen hasierako bi ibilbideak, eta bi hauen artean hirugarren bat dago, Ibilaldi Ertaina (36 km). 

Mendizale guztiak batera abiatuko dira Burunda pilotalekutik, 7:00etan. Urdiainera joko dute, Portuazpitik Urbasa-Andiara igo eta Bargagainera (1.153 m) heltzeko. Urbasan aurrera eginez, portutik Gainsolera helduko dira, eta handik Ziordiraino jaitsi. Hor banatuko dira. Ibilaldi Laburra aukeratzen dutenak partzelarietatik barna, Cementos fabrikako atzealdetik Altsasuko frontoira helduko dira, helmugara. Ibilbide Luzekoek eta Ertainekoek, aldiz, Kipular (1.059 m) igoko dute, Orobeko antzinako harrobitik jaitsi eta Sorozarretara heltzeko. Hango hornidura gunean indarrak berreskuratuta, Ibilbide Ertainekoek Dorretxikitik bueltatxoa emanda Altsasura iritsiko dira. Aldiz, Ibilaldi Luzekoek Balankaleku (983 m) eta Intxusburu (946 m) igoko dute eta handik Urdiaingo igerilekuetara jaitsita, Sarabetik, San Pedrotik eta Basoitxitik Altsasura helduko dira.