Txirrindularitza

Nahia Imaz, Euskal Herriko Itzulia Women-en

Guaixe 2023ko mai. 12a, 10:40

Itzulia Women-en irteera. ITZULIA

Hiru etapa izango du World Team mailako emakume profesionalen lasterketak

Nahia Imaz Perez altsasuarra Sopela Team taldearekin parte hartzen ari da gaur, maiatzak 12, ostirala, 10:00etan Etxebarrian hasi den Euskal Herriko Itzulia Women-en. Hiru etapatan, guztira 370 kilometro egingo dituzte, euritsua eta gogorra izango den asteburuan. Demi Vollering (Sd Worx) eta Annemiek van Vleuten (Movistar) dira Itzulia Women irabazteko faboritoak. 

Gaur, ostirala. Etxebarrian hasi da eta Markina-Xemeinen despedituko da itzulia, 3. mailako Gontzaragaraigaina eta 2. mailako Urkaregi portuekin. Maiatzak 13, larunbata, Gasteiz eta Amurrio lotuko ditu Itzuliak etapa luzeena izanen denean (133,2 km). 3. mailako La Tejera eta Malkuartu izanen dira garaitu beharreko portuak. Eta maiatzaren 14an, igandea, Donostian hasi eta despedituko den etapan 1. mailako Jaizkibel, 3. mailako Gurutze eta 2. mailako Mendizorrotz igo beharko dituzte txirrindulariek, etapa menditsuenean.