Ogibidez La Burundako zurgina da Jose Antonio Salgado altsasuarra, baina askoz ere ezagunagoa da bere zaletasunagatik lanbideagatik baino. Korrikalaria da, eta apartekoa, gainera. 63 urte ditu, irailean 64 beteko ditu eta ia astebururo parte hartzen du mendi lasterketaren batean. Hala jarraitzeko asmoa du, ongi sentitzen delako. 41 urtetan 1.132 lasterketetan parte hartu du, horietatik 400 inguru asfaltokoak eta gainontzekoak mendikoak. Zegama-Aizkorri mendi maratoiko proba guztiak bukatu zituen 2023ra arte, hemeretzi, baina aurten ezin izan zuen hogeigarren edizioa bukatu.
HASIERAK
Korrikan hasi zen mendizalea al zara, ala mendiko lasterketetan hasi zen korrikalaria?
Korrikalaria, atletismoan hasi nintzen. Lankide bat soldaduskatik bueltatzerakoan atletismoan hasi zen. Eta urte bat geroago, nik berdina egin nuen. 1982 urtean hasi nintzen inguruko lasterketetan parte hartzen, asfaltoan. Hasieran Sociedad Deportiva Alsasua taldean geunden, gero Dantzalekun, eta gero Dantzaleku Sakanan. Maratoi erdietan hasi nintzen, eta baita maratoietan ere. Asko egin nituen. 1989koa da nire maratoi marka onena, Donostiako maratoikoa: 2:32:13. Sakanako marka onena izan zen, 2020ko Sevillako maratoian Beñat Katarainek gainditu arte (2:28:02).
Noiz hasi zinen mendiko lasterketetan?
Etxarri Aranazko mendira joan etorria izan zen lehena, 1982 urtean. 10 kilometroko proba da, antzinako apustuetan oinarritutakoa. 26-27 aldiz osatu dut. Garai haietan ez zeuden egun ezagutzen ditugun mendi lasterketak. Etxarrikoa eta Lakuntzako Guardetxe Igoera ziren inguruan egiten zirenak, baina distantzia motzekoak ziren, herrietako apustuak. Beroarekin erosoago ibiltzen naiz hotzean baino, eta udako lasterketak bilatzen nenbilela Pirinioetan eta Alpeetan mendi lasterketa ugari antolatzen zirela jakin nuen. 1986an Suitzara joan ginen oporretan, eta 13. Course Sierre-Zinal egin nuen, mendi lasterketa. Urte haietan txirrindularitzan Pedro Delgado nabarmentzen hasi zen, eta Tourrean egiten zituzten etapak nik korrika egitea bururatu zitzaidan. Eta konturatu nintzen Pirinioetako ia mendikate guztietan lasterketak egiten zirela. Horrela hasi nintzen mendi lasterketetan, bereziki Frantziako estatuko probetan: Luz Ardiden, Cauterets, Vignemale... Asfaltoko denboraldia, hau da, maratoiak eta maratoi erdiak, eta krosa udako mendi lasterketekin uztartzen nituen. Pista soilik urte pare batez egin nuen.
Aspalditik mendi lasterketetan aritzen zara bakarrik, San Silvestre edo halakoren bat izan ezik.
90. hamarkadan hemen ez zegoen apenas mendi lasterketarik, baina gutxika antolatzen hasi ziren eta geroz eta gehiago sartu nintzen mendiko lasterketen munduan. 2000-2001 urte ingurutik aurrera mendi lasterketetan zentratu nintzen. Lakuntzako Guardetxe Igoerako lehen edizioa irabazi nuen, eta hirugarren edizioan Galarragak errekorra gainditu zuen. Hasierako lasterketa haietan gehienez 20 korrikalarik parte hartzen genuen lasterketetan, eta guztiek ezagutzen genuen elkar: Garin, Galarraga, ni neroni... 17-18 urtez jarraian parte hartu nuen Guardetxe Igoeran. Gero proba luzatu zuten eta Lakuntza-Aralar mendi lasterketa antolatu zuten, egungoa, proba polita. Etxarri Aranazko Mendira Joan Etorriko ibilbidea hasierako berbera da. 27-28 aldiz egin izan dut, ahal badut beti joaten saiatzen naiz. Gaur egun lasterketa asko eta mendi korrikalari asko daude.
"1982 urtean hasi nintzen korrika. 41 urteko ibilbidean guztira 1.132 lasterketa egin ditut"
Zergatik sortu zen mendi lasterketen boom hori?
Nik uste errazagoa dela mendian korrika egitea asfaltoan egitea baino. Mendian ez zaude uneoro topera korrika, asfaltoan bezala. Tarteka oinez zoaz, erlaxatzen zara... Asfaltoan ez. Asfaltoan ere lesio gehiago sortzen direlakoan nago. Belaunek gutxiago sufritzen dute mendian, lurra ez baita asfaltoa bezain gogorra. Asfaltozko maratoi bat egiterakoan, edo Behobia bera, ostegunera arte ia ez nintzen errekuperatzen, sekulako agujetak izaten nituen. Eta mendi lasterketekin, aldiz, ezer gutxi. Mendizkoetan ordu gehiago dira, distantzia handiagoa, baina erritmoa eramangarriagoa da.
41 URTE, 1.132 LASTERKETA
Zure ibilbidean zenbat lasterketa egin ote dituzu?
Aurrekoan zenbatu nituen. 41 urteko ibilbidean guztira 1.132 lasterketa egin ditut, asfaltokoak eta mendi lasterketak zenbatuta, eta baita eski duatloiak ere. Eskia ere oso gustuko dut, sasoi betean jartzen zaitu. Lasterketa horietatik erdia baino gutxiago, 400 inguru, izango dira asfaltokoak. Gainontzekoak mendi lasterketak.
Astebururo parte hartzen duzu lasterketaren batean. Erritmo horri nola eusten diozu?
Une bat iristen da zeinean astean zehar oso gutxi entrenatzen duzun. Hau da, asteburuko lasterketekin nahikoa dela. Lasterketa batzuk lehia dira niretako, eta beste batzuk entrenamendua.
Munduko lasterketa gogor eta ezagunenetan lehiatu izan zara. Aipa itzazu batzuk.
Alpeetan Sierre-Zinal egin dut eta hirutan osatu dut Montblanc-eko Ultra Traila. Famatua da, oso ongi saltzen dute, baina niri ez zait horren gogorra iruditzen. 3K Red Bull, 3 km bertikal jarraian biltzen duen proba ere hirutan egin dut. Reunion Irlako Gran Raida lautan osatu dut, Madeirako Irlako Ultra Traila, Pirinioetan Ultra Tour Du Vignemale, Aneto Xtreme... Etxean Zegama-Aizkorriko maratoia eta beste hamaika.
Eta zein da gogorrena?
Hori zaila da esaten, oso gogorrak diren lasterketa asko baitaude. Esaterako, apirilaren 29an Paulsen (Tarragona) jokatutako Trencacims Ultra (75 km) oso gogorra iruditu zitzaidan. 97 korrikalarik utzi behar izan zuten proba. Espainiako Ultra Txapelketa zen. Hasieran ongi ibili nintzen, baina gero erori nintzen, kolpea hartu eta ahal nuen moduan bukatu egin behar izan nuen. Beteranoen C mailakoa naiz, 60 urtetik gorakoa, eta podiuma egitea espero nuen, baina erorketagatik kanpo geratu nintzen. Hurrengo egunean, apirilaren 30ean Mirador de las Bardenas 20 kilometroko traila egin nuen, eta maiatzaren 1ean Ribaforadako ermiten lasterketa, 5 kilometrokoa. Asteburu borobila izan zen.
Zeintzuk dira aurtengo zure helburu nagusiak?
Beteranoen C mailan ongi ibiltzea. Maila horretan egindako lana baloratzen dut, hau da, ez diot sailkapen absolutuari begiratzen. Ez naiz 20-30 urteko gazte batekin lehiatuko. Espainiako Kopako lasterketetan eta Espainiako Txapelketa guztietan, hau da, Banakakoa, Ultra eta Bertikalak, parte hartzen dut. Hori da neure helburu nagusia. Gero, urtero lasterketa berri batean aritzea gustuko dut, eta berria bada, lehen edizioa, Bardeetakoa bezala, hobe. Aurten ere Pirinioetako lasterketaren bat egin nahi nuke, Huesca aldean. Lehen asko joaten nintzen, baina orain ez hainbeste. Eta Picos de Urbionen egingo den lasterketa berri bat ere egin nahiko nuke.
"Hasi nintzenean hemen ez zegoen apenas mendi probarik. Pirinioetan eta Alpeetan aritzen nintzen"
Espainiako Mendi Lasterketen Kopan eta Txapelketetan makina bat podium eta domina izango dituzu.
Beteranoen mailan bereziki. Joan zen urtean, 2022an, 22 aldiz igo nintzen podiumera estatu mailan, beteranoen C mailan. 50 urteko beteranoen mailan ere, hiru podium egin nituen. Eta horrek izugarri pozten zaitu. Orain arte Espainiako 22 edo 23 Mendi Lasterketa Txapelketa jokatuko dira, eta nik ia guztietan parte hartu dut. Beteranoetan Espainiako txapelduna lauzpabost aldiz izan naiz, 45 urte nituela lehen aldiz. Eta maila absolutuan ere hirugarren sailkatu izan naiz zenbait lasterketetan.
Zure kategorian ez zarete korrikalari asko egongo.
Zortzi-bederatzi egongo gara. Eta emakumezkoak, gutxiago. Antzeko maila dugu, eta gustura.
Distantzia guztietan parte hartzen duzu. Zein duzu nahiago?
Maratoi erdiko distantzietan aritzen naiz hobeki, 3 orduz azpikoetan. Km bertikaletan moldatzen naiz, eta nahiz eta jende askok ultra lasterketengatik ezagutu, nik ez dakit ultretan ongi korrika egiten. Ultretako korrikalariek erritmo berezia izaten dute, ez dute apenas energiarik gastatzen eta gutxinaka doaz. Nik tarteka korrika asko egiten dut, edo oso mantso noa... ez naiz oso ona distantzia luze hauetan.
Horrenbeste urtetan hamaika lasterketa. Oso ezaguna izango zara.
Bai, azkenean jendeak ezagutzen zaitu. Joan zen urtean lehenengoz gonbidatu ninduten lasterketa batera, Castellonen.
Sakanako proben artean, zein duzu kuttunena?
Arbizuko Tritoiena. Oso gustuko dut Beriaingo buelta hori. Lehendabiziko edizioan sailkapen absolutuan bigarren izan nintzen 56 urterekin. Ezin nuen sinetsi. Ibilbide oso polita du. Lakuntza-Aralar ere polita da, Hirumugarrietako zati hori, esaterako. Urte luzez aritu izan naiz. Baita Olatzagutia-Urbasa ere. Uharte Arakilgo Km Bertikalean ere aritu naiz. Beriainek erakartzen du, eta jendeak malda horietan nola sufritzen duen ikusteak, ere. Trikutraila behin egin nuen, baina ni mendi altuetan hobeki moldatzen naiz. Joan zen urtean ixte lanetan aritu nintzen. Etxarri Aranazko Mendira Joan Etorrira joaten naiz, ahal badut. Etxekoetan parte hartzen saiatzen naiz, baina batzuetan Espainiako Kopakoekin batera izaten dira eta ezinezkoa zait.
63 URTE, ETA SASOI EDERREAN
Lesio larririk izan al duzu?
Korrika ez. Eskiatzen belauna bihurritu nuen, baina osatu nintzen. Atletismoan belaunek sufritzen dute, baina nahiko ongi nago. Makilak erabiltzen ditut, eta bastoiek belaunak asko babesten dituzte. Jaisten zaudela eroriko asko ekiditen dituzte.
Sasoiez nola sentitzen zara?
55 urtetik aurrera hasi nintzen beheraldia sumatzen. Bereziki erreflexuetan nabaritzen dut, gehiago begiratu behar duzu, baldarrago zabiltzalako. Ikusmenak ere eragin handia du. Baina ongi sentitzen naiz. Ez naiz lehengoa, baina ahal dudana egiten dut. Defendatzen naiz.
Mendi lasterketak uztea gertu ikusten duzu?
Momentuz ez, ez badut lesioren bat, ez. Baina pentsatzen dut denborarekin beste batzuei gertatu zaiena gertatuko zaidala. Lasterketak utzi eta mendira oinez joango naizela, paseatzera, edo lasterketak ikustera.
Zer ematen dizu mendi lasterketak?
Nire zaletasuna da, oso gustura egiten dudan zerbait. Bizitzeko modu bat ere bada, behin hasita, guztiz harrapatzen zaituelako.
Inoiz egin nahi zenukeen lasterketa hori...
New Yorkeko maratoia, esaterako. Nork daki? Agian hurrengo urtean animatzen gara (kar, kar). Mendian lasterketetan badaukat arantza bat, Camerungo lasterketa bat. Baina tren hori pasatu zen.
"Errazagoa da mendian korrika egitea asfaltoan baino. Asfaltoan lesio gehiago daude"
Egin duzun lasterketarik bereziena?
Reunion Irlako Grand Raida, Ozeano Indikoan, hemendik oso urruti. Kolonia frantsesa zen. Lasterketa horrek irla guztia zeharkatzen zuen, diagonalean. 125 kilometroko proba zen, eta denetatik zuen: belardiak, basamortua, mendia, tartean 3.000 metroko bat... hirutan egin nuen Grand Raida, 1999an, 2001ean eta 2002an, lehendabiziko edizioetan. Pirinioetako ezagun batzuek antolatu zuten, eta Tuterako batekin biak animatu ginen. Reunion Irla lehenengoz eta azkarren gurutzatu duen estatuko lehen gizona nauzue. Lasterketa hori egiteak sekulako satisfazioa sortu zidan. Ikusgarria da, irla osoa lasterketan iraulia, etengabe animatzen... Oso ederra. Gero ibilbidea aldatu zuten. Lasterketa horrek guztiz markatu ninduen. Ezkonbidaia bertara egin nuen, pentsa!
ZEGAMA-AIZKORRI GIROAK EGITEN DU BEREZI
Zegama-Aizkorri maratoiko (42 km) lasterketa guztiak, hemeretzi, zenituen eginda. Aurten hogeigarrena ezin izan duzu bukatu.
Sei korrikalari gaude 2023 urtera arte Zegama-Aizkorri proba guztiak osatu ditugunak. Horregatik, izena ematerakoan zuzenean onartzen gaituzte, ez gara zozketan sartzen. Aurten ere aritzekoak gara. Harreman ona dugu, urrian elkartu ginen eta Brinkola aldean ibili ginen Gorka Gavira eta Ricardo Ruiz gasteiztarrak, Koldo Urrestarazu eta Mikel Legarreta ataundarrak, Jon Zubillaga berastegiarra eta seiak. Duela 10 urte omenaldia egin ziguten.
Zerk egiten du berezi Zegama-Aizkorri maratoia?
Dagoen giroak. Gipuzkoako publikoa ezberdina da, eta ez bakarrik mendi lasterketetakoa. Txirrindularitzan, estropadetan, zaldi lasterketetan... proba guztiak zalez betetzen dira eta zaleek dena ematen dute. Sekulako giroa egoten da. Nik ez dakit Zegama-Aizkorriko giroa inon ikusi ote dudan. Esaten dute Italiako mendi lasterketa batzuetan ere giro ederra egoten dela, eta nonbait Zegama-Aizkorriko antolatzaileek hartu-eman handia dute italiarrekin.
Beraz, ibilbideak baino, giroa da apartekoa.
Zalantzarik gabe. Ibilbidea polita da, baditu tarte oso teknikoak, tarte azkarrak, korrika asko egitekoak... paisaia ere ederra da, baina Pirinioetan ikusi izan ditut ikusgarriagoak diren tokiak. Dagoen giroak egiten du ezberdin.
"Reunion Irlako Grand Raida egin dudan probarik bereziena da. Ikusgarria da, eta guztiz markatu ninduen".
Zegama-Aizkorri maratoia ikustera hurbilduko bazina, non jarriko zinateke?
Jende gehiena Sancti Spiritun eta Aizkorrin jartzen da, baina ni txoko ezkutuago batean jarriko nintzateke, mendian, urrutitik korrikalariak nola etortzen diren ikusteko.
Korrikalari gisa, horrenbeste jende horren gertu animatzen egoteak animatzen du edo urduritzen du?
Niri hunkitu egiten nau. Bertatik pasatzen naizenean malkoak erortzen zaizkit. Horrenbeste urteren ondoren, oraindik ere. Herriko jende asko igotzen da, animatzen zaituzte... oso polita da. Zegama oso hunkigarria da, txundituta geratzen zara.
Kilian Jornet da Zegama-Aizkorriko izarra, nahiz eta aurten parte hartu ez izan. Hamaika aldiz parte hartu izan du, eta hamarretan irabazi. Joan zen urtean 9 minututan hobetu zuen errekorra (3:36:40). Munduko mendi korrikalari onena da?
Zalantzarik gabe. Kilian mendian jaio da eta menditik edan du jaio zenetik. Espainiako Kopan parte hartzen hasi zenean ez dakit oraindik 16 urteak beteta ote zeuzkan. Eta nola egiten zuen korrika, ikusgarri. Bigarren sailkatzen zen, baina ez zuen puntuatzen gutxieneko adina ez zuelako. Kilometro Bertikaletan puntuatzen hasi zenean eman zuen saltoa. Ikaragarria da. Eta baita eskian ere. Eskian askotan egin dut topo berarekin, eta baita lasterketetan ere, eta hitz egiten dugu. Eskiatzaile eta korrikalari top-a da. Eta oso umila, pertsona apala. Bere bikotea, Emelie Forsberg suediarra, oso korrikalari ona da. Joan zen urteko Zegama Km bertikala irabazi zuen, eta beti oso ongi aritzen da.
Kilian Jornetez gain, zein mendi korrikalari miresten dituzu?
Korrikalari asko daude oso onak direnak. Aritz Egea gustuko dut, ultra trailetan Javi Gonzalez... jende asko.
Aurten zein zen zure helburua?
Zegama-Aizkorri bukatzea, baina ezinezkoa izan da.