Txirrindularitza

Nahia Imazek ezin izan zuen Euskal Herriko Itzulia despeditu

Guaixe 2023ko mai. 15a, 09:22
Itzulia Women oso gogorra izan da . ITZULIA

Hirugarren eta azken etapan erretiratu egin zen

Berez gogorra zena, eguraldiak infernu bilakatu zuen. Euskal Herriko Itzulia Women lasterketa despeditzea erronka itzela izan zen txirrindulariendako. World Tour mailako taldeak lehiatu dira Itzulia Women-en, eta tartean sakandar bakarra zegoen, aurten Sopela Team taldean debutatu duen Nahia Imaz Perez altsasuarra. 

Team SD Worx taldeak kontrolatu du Itzulia goitik behera. Marien Reusser suitzarrak irabazi du Itzulia (9:57:24), Donostian bukatutako azken etapa menditsuan (Jaizkibel, Gurutze eta Mendizorrotz) sekulako erakustaldia eman eta ordura arte liderra zen bere taldekide Demi Volleringi 2 minutu eta 38 segundo atera eta gero. Sailkapen orokorrean Reusserrek 1:50 atera dio Volleringi eta 2:59 bere taldekide Katarzyna Niewiadomari (Canyon/SRAM Racing). 

Nahia Imazek lehen bi etapak osatu zituen, sailkapen orokorrean 93. zen, baina, tamalez, hirugarren etapa ezin izan zuen despeditu. Hala ere, Espainiako Vuelta eta Euskal Herriko Itzulia Women esperientzia bikainak izan dira altsasuarrarendako.