Erakunde ordezkaritza zabalak Sunsundeguiko instalazioak bisitatu zituen larunbat goizean. Maria Chivite Navascues presidenteak, Mikel Irujo Ametzaga Ekonomiaren eta Enpresen Garapeneko kontseilariak, Javier Ollo Martinez Altsasuko alkateak eta Jose Luis Arasti Perez Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak eta Industria ministro Hector Gomez Hernandezek konpainiako zuzendaritzarekin bilera egin zuen. Sunsundeguik Volvo Busekin hartutako konpromisoaren ondoren, konpainiaren etorkizunari erakundeek ematen dioten babesaren eta errekonozimenduaren erakusle izan zen bisita.
Erakundeetako ordezkariak Sunsundeguiko zuzendaritzako kideekin bildu ziren, besteak beste enpresako kontseilari delegatu Jose Ignacio Murillo eta zuzendari nagusi Felix Aramendia. Haien bidez enpresaren ibilbidearen berri jaso zuten. Erakundeetako ordezkariak enpresa batzordeko kideekin ere egon ziren eta ondoren lantegia bisitatu zuten.
Esandakoak
Bisitaren ondoren, Chivite presidenteak adierazi zuenez, Sunsundeguik Volvorekin adostu duen proiektua bertatik bertara ezagutzea izan zen bisitaren arrazoia. “Proiektu hori etorkizunerako oso aurreikuspen ona da enpresarendako, urte asko daramatza eskualdean, une zailak bizi izan ditu eta une itxaropentsua bizi du orain, hemendik 2028ra bitartean 400 langile baino gehiago kontratatzeko aukerarekin, baina Sakanari eta haren enpleguari ere bultzada emango dio”.
Chivitek eskerrak eman dizkie Sunsundeguiko Zuzendaritzari bideragarritasun eta etorkizuneko proiektuak bilatzen jarraitzeko hartutako konpromisoagatik, baita enpresa batzordeari ere, beti egon baita prest hitz egiteko eta akordioak lortzeko enpresari bideragarritasuna emateko. Nafarroako Gobernuak eta Espainiakoak Sunsundegui babesten jarraituko dutela gogorarazi zuen.
Irujok, bere aldetik, esan zuenez, “erresilientzia historia baten aurrean gaude, non Nafarroako Gobernuak, Sodenaren bitartez, 2011tik laguntza ematen daraman, eta ikusten dugu bere fruituak dituela: Volvo bezalako eraikitzaile baten konfiantza lortzea, enpresarentzat eta zonaldearentzat etorkizuneko bermea emango diona”. Era berean, Mikel Irujok adierazi zuenez, enpresarekiko laguntza eta elkarrizketa puntu horretara iristeko gakoetako bi izan diren arren, “ezin dugu lorik hartu, eta datozen hilabeteetan asko dago egiteko, egutegi zorrotzarekin”. Irujok iragarri zuen hiru lantalde sortuko direla, enpresaren higiezinen beharrari, prestakuntza beharrari eta finantza egoerari erantzuteko.
Altsasuko alkateak eskerrak eman dizkie Sunsundeguiko zuzendaritzari eta langileei hainbeste urtetako lanagatik, eta Nafarroako Gobernuari ere eskerrak eman dizkio. Ollok enpresarekin eta Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean aritzeko borondatea agertu zuen, “lan karga garrantzitsu hori gauzatu ahal izateko” eta, udal gisa, “dagokigun erraztasun eta laguntza guztia” emateko, “herriarendako eta eskualdearendako itxaropentsua izango den etorkizun hau egia bihur dadin”.
Azkenik, Jose Ignacio Murillok eskerrak eman zizkien erakundeetako ordezkariei, Sunsundeguiren etorkizunari emandako babesagatik eta Volvorekin akordioa lortzeko inplikazioagatik eta laguntzagatik. Izan ere, “Volvo Sunsundeguirendako une historikoa da, eta lantalde handi batek egindako lanaren emaitza. Plantilla osoaren inplikazioa, Espainiako eta Nafarroako gobernuen konpromisoarekin batera, bezeroen, hornitzaileen eta finantza-erakundeen konfiantzarekin batera, zailtasunak gainditu eta proiektua aurrera eramatea ahalbidetu baitute”.
Sunsundeguiko kontseilari delegatuak, halaber, enpresa babesten jarraitzeko eskatu die erakundeetako ordezkariei, enpresaren finantza egoera indartzeko eta akordioa garatzeko behar diren inbertsioak egiteko. Era berean, langile prestatuak izateko beharra nabarmendu zuen. Horretarako, honako hauek eskatu zituen: inguruko lanbide heziketa bultzatzea, langileak lekualdatzeko garraio publikoak hobetzea (bai trena, bai autobusa), eskualdean etxebizitzen sustapena bultzatzea, eskualde horretan pertsonak errazago ezartzeko, eta industrialdearen baldintzak hobetzea, bai azpiegiturari bai segurtasunari dagokienez ere.
Enpresaren bideragarritasuna sendotzea
Nafarroako Gobernutik adierazi dutenez, Sunsundeguik Volvo Busekin aurreakordioa sinatuta, “etorkizuneko bideragarritasuna bermatzen du, eta enpresarendako etapa berri baten hasiera markatzen du”. Zehazki, akordio horri esker, karrozeriaren ekoizpen ahalmena handitu ahal izango da, egunean 3 unitate izatetik 4 izatera igaroko baita, urtean 850 unitateko edukiera lortu arte.
Bi aldeek sinatutako asmoen adierazpenak konpromiso bikoitza jasotzen du: transferentzia teknologikoa eta diseinu eta manufaktura prozesua, eta horniduraren transferentzia. Horrela, 2024ko maiatzetik aurrera, Sunsundeguik bere gain hartuko du automozio fabrikatzaile suediarraren azken belaunaldiko bi autobus modelo ekoiztea (gama altuko 9700 eta 9900 modeloak), eta egunean 2 unitateko fabrikazio erritmoa lortuko du; horretarako, 9 eta 12 hilabete arteko pixkanakako prozesua beharko da. Are gehiago, datozen lau urteetan 400 eta 500 pertsona arteko zuzeneko zein zeharkako langileak kontratatzea ekarriko du. Era berean, Sunsundeguik gaur egungo produktuen eskaintza mantentzen du eta merkatuan dauden txasis guztien gainean karrozatzen jarraituko du.