Astekaria

"Eszenatokira ateratzean niretako ari naiz; zoriontsu naiz"

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko mai. 16a, 13:56

Igone Augusto Fernandez dantzaria Orbe Katalunia dantza txapelketan. CANON FOTOS SPORT

Igone Augusto Fernandez dantzari altsasuarrak 2023ko Orbe Kataluniako Dantza Txapelketan bi sari irabazi ditu: dantzari errebelazioa eta Orbe Lehenengo Saria. Aurreko urtean parte hartu zuen lehenengo aldiz txapelketan.

Igone Augusto Fernandez dantzaria Dantzarima eta Sutan taldetako kidea da. Irantzu Gonzalez dantza eskolako irakaslea ere bada, eta aurreko urtean Orbe Katalunia Dantza Txapelketan bi sari irabazi zituen: errebelazio dantzariarena eta urrezko domina. Bakarrik parte hartzen zuen lehenengo txapelketa izan zen, eta esperientziarekin motibatuta, asteburuan jokatu den 2023ko edizioan parte hartu du, Tarragonan, beste bi sari irabaziz: errebelazio dantzariarena eta Orbe Lehenengo Saria, bere kategoriako sari gorenena.

Noiz hasi zinen dantzan?
Dantzan 16 urterekin hasi nintzen. Gimnasia erritmikotik nentorren eta 14 urterekin utzi nuen. Amari eta Irantzu Gonzalezi esker Dantzariman sartu nintzen.

Beraz, gimnasia erritmikoan hasi zinen. Zergatik?
Txikitatik gustatu izan zait dantza egitea eta abestea. Kantatzeko ez dut balio, baina dantzatzeko ahalmen pixka bat badut. Garai horretan hemen zegoena Iskiza kluba zen. Urte asko egon nintzen, baina sorbaldako lesio batengatik utzi behar izan nuen. Bizitza gelditzen zitzaidala uste nuen. Amak Irantzu ezagutu zuen, animatu ninduten eta Dantzariman sartu nintzen. Gimnasia erritmikoa niretako dena zen, eta oinarri hori banuen; pixkanaka dantza eta mundu hori ezagutzen joan nintzen.

Noiz erabaki zenuen dantzan jarraitu nahi zenuela?
Hasi nintzenean aurrekoari lotuta jarraitzen nuen, eta horretara itzuli nahi nuen. Urte bat inguru egon nintzen Dantzariman eta utzi nuen. Berriz gelditu nintzen. Konpainian jarraitzen nuen, nire lehengusina ere bertan zegoen, eta ikuskizunetara joaten nintzen. Inbidia handia ematen zidaten. Eszenatokira itzuli behar nintzen, eta itzuli nintzenean guztiz sartu nintzen. Nirea zela jakin nuen.

Zu bakarrik noiz hasi zinen?
Aurreko urteko Tarragonako lehiaketan. Izugarria izan zen. Duela zenbait urte dantza irakaslea lanetan hasi nintzen eta asko gustatzen zait. Hasieratik Irantzuk txapelketa baterako talde bat koreografiatzeko aukera eman zidan. Aurreko urtean niretako zerbait egiteko behar bat bezala sortu zitzaidan; espazio hori behar nuen. Paula Urabayenek ere asko inspiratu ninduen. Lehiaketa batera solista bezala joan zen, eta ikusi nuenean islatuta ikusi nuen nire burua.

Zer nahiago duzu koreografoa edo dantzaria izan?

"Sentsazio desberdinak dira; nire ardura handiena beraiek disfrutatzea da"

Bi sentsazio guztiz desberdinak dira. Irakaslea izanda oso atsegingarria da etxean eta klaseetan egindako lana beste pertsona batzuetan ikustea. Zuretako dantzatzen zaudenean beste sentsazio bat da. Ez zaizu hainbeste axola. Konfiantza oso handia dut ikasleengan, eta ez da hainbeste ikuskizun edo txapelketa batean nola egingo duten ikustea, baizik eta disfrutatzea. Nire helburu eta ardura handiena da beraiek disfrutatzea. Irantzuri eskerrak eman behar dizkiot nigan duen konfiantzagatik. Talde oso polita sortzen ari gara; nigan izan duen konfiantza handia oso garrantzitsua da. Lehiaketan parte hartzeko ere oso garrantzitsua izan da.

Nola sortzen dituzu koreografiak?
Niretako oinarrizkoena inspiratzen nauen musika aukeratzea da. Denbora gehiago pasatzen dut abesti bat bilatzen koreografia egiten baino. Abesti bati mugimendua jarri behar diogu eta identifikatuta sentitzen bazara eta inspiratzen bazaitu, bidearen zati handi bat egina dago. Taldearen araberakoa izan ohi da ere. Taldearen esentzia kontuan hartzen dut ere. Behin abestia aukeratuta papera eta boligrafoarekin eskemak egiten ditut eta bururatzen zaidana apuntatzen joaten naiz.

Dantza idatz daiteke?
Jakitun naiz apuntatzen dudana nik bakarrik ulertzen dudala, nire modura idazten dudalako. Gero klaseetara joaten naizenean ikasleek ere inspiratzen naute. Nahi gabe mugimenduak egiten dituzte eta ezinbestekoak dira inspiratzeko. Beste zenbait gauza aurreikus ditzaket, porté bat, esaterako, baina gero ez dira egingarriak; probatzen joaten gara eta gauza oso politak ateratzen dira.

Eta zureak nola sortzen dituzu?
Oso ongi ezagutzen dut nire burua dantzan. Ohean pentsatzen ditut. Behin musika aukeratuta, begiak itxi eta koreografia irudikatzen dut. Gertatu izan zait momentuan idatzi behar izatea, ahaztuko zaidala pentsatzen dudalako. Nire burua oso azkar doa eta gauza asko bururatzen zaizkit. Gero dantza egiten hasten naizenean pentsatutako mugimendu batetik beste bat atera daiteke eta egokitzen joaten naiz. Niretako lan egiten dudanean zailagoa da. Koreografiak hobe gogoratzen ditut irakatsi behar ditudanean, inprobisaziora jotzen dudalako. Niretako direnean batzuetan inprobisatzen dut, eta ez zait asko gustatzen. Horregatik dena idazten saiatzen naiz. Eszenatokian beste zerbait ateratzen bazait, egia esan, ez diot garrantzia handirik ematen. Badakit momentu horretan atera zaidana dela, eta ongi dago.

Zer sentitzen duzu eszenatokian?
Azaltzeko zaila da. Oinarrizkoa da, baina oso zoriontsu sentitzen naiz. Zoriontasuna. Urduritasun momentuak ditut, eta kudeatzen badituzu, oso politak dira gerora ere gelditzen direlako. Behin eszenatokira ateratzen naizenean niretako ari naiz dantzatzen. Iortian edo horrelakoetan dantza egiten dudanean badakit senideak eta lagunak ikustera etorri direla, baita Tarragonara ere jendea etorriko dela, eta niretako eta besteendako ari naiz. Kontzientea naiz egin duten esfortzuaz eta disfrutatu behar dute, eta disfrutatzen ikusi behar naute.

Tarragonako txapelketan errepikatu duzu.
Dantzariaren bizitza nahi baduzu luzea izan daiteke, baina betiere baldintzatuta zaude. Konturatu naiz sortzen diren aukera guztiak aprobetxatu behar ditudala, baita aukerak bilatu ere. Oso motibatuta etorri nintzen, eta aurten ere aukera sortu denez animatu naiz.

Nolakoa zen koreografia?
Ikusten duenarendako antzekoa izan daiteke. Baina niretako desberdina da. Aurreko urtean kanporako zela sentitzen nuen. Aurten barruagorako da; lirikoagoa. Nik uste pila bat disfrutatuko dudala.

Erlazionatuak