Erremonte jaialdia Altsasun

Guaixe 2023ko mai. 15a, 13:35

Maiatzaren 26an, ostirala, Erremontari Herriz Herri egitasmoaren jaialdia izanen da Burunda pilotalekuan.

Oriamendi enpresak Erremontari Herriz Herri txapelketa martxan jarri du, erremontea Euskal Herriko hainbat herritara zabaltzeko. Hortaz, txapelketa Euskal Herriko bederatzi herritan jokatuko da, tartean, maiatzaren 26an, ostirala, 18:00etan, Altsasuko Burunda pilotalekuan. Gainera, altsasuar guztiak doan joan ahal izanen dira maiatzaren 29an, astelehena, Hernaniko Galarreta frontoian jokatuko den Erremontari txapelketako partidak ikustera. Finala Zumarragako Beloki frontoian jokatuko da.

Lehiaketa berritzailea da eta txapelketan Oriamendiko pilotari guztiek parte hartuko dute bi taldetan banatuta, alde batetik, Erremontari saioan ari diren pilotariak A taldean egonen dira eta Oriamendiko beste erremontari guztiek B taldea osatuko dute. Parte hartzen duten bikoteak ez dira finkoak eta jardunaldi bakoitzean aldatzen joanen dira eta puntuaketa pilotari bakoitzarena izanen da. Zortzi jardunaldiren ondoren, pilotari bakoitzaren emaitzak kontuan hartuta batezbestekorik onena duten lau erremontistek jokatuko dute talde bakoitzeko finala.