Saskibaloi

Narum CBASK, play-offetan hirugarren

Guaixe 2023ko mai. 16a, 12:40

Finalerdietan Logrobasketen kontra 8 punturen aldearengatik galdu zuen talde altsasuarrak, eta 3. eta 4. postuak erabakitzeko partidan garaipena lortu zuen

Bigarren Maila Interautonomikoko Lauko Finala jokatu zen asteburuan Navasket taldearen egoitzan, Iruñeko Teresianas kiroldegian. Narum CBASK taldea gogotsu zegoen, txapelketako ligako titulua lortzeko borrokatzeko prest. 

Larunbatean, maiatzak 13, Lauko Finaleko finalerdiak egon ziren jokoan. Narum CBASK-ek Logroñoko Logrobasket izan zuen aurkari. Unai Mundiñako Narum CBASK taldeko entrenatzaileak azaldu bezala, bi taldeak nahiko berdintsuak dira, eta parekotasun hori kantxan islatu zen. Bi taldeek finala zuten jokoan, eta dena eman zuten. Azkenera arte lehia bizia egon zen, baina, azkenean, Logrobasketek lortu zuen final handirako sailkatzea, talde altsasuarrari 69 eta 61 irabazita. Altsasuarrek zortzi punturen aldearengatik ez zuten finalean egotea lortu. 

Beste finalerdian ENERparking Basket Navarra hamar punturen aldearekin lortu zuen Navasket mendean hartzea, 64 eta 74. Finalerdietan Logrobasketen kontra 8 punturen aldearengatik galdu zuen talde altsasuarrak, eta 3. eta 4. postuak erabakitzeko partidan gailendu zen


Igandean, maiatzak 14, Bigarren Maila Interautonomikoko 3. eta 4. postuak zehazteko partida jokatu zuten Navasketek eta Narum CBASK-ek. Bi taldeek partida bizia eta polita eskaini zuten, baina Narum CBASK ibili zen finago eta azkarrago, eta partida ederrean 76 eta 89 irabazi zuten altsasuarrek, Bigarren Maila Interautonomikoko 3. postua lortuz. Ligan hirugarren, balorazio ezin hobea da, eta datorren urtean lanean jarraitzeko akuilua. Unai Mundiñanok aurten debutatu du Narum CBASK-eko entrenatzaile, eta debut bikaina egin du, aurreko entrenatzaile Iosu Mendiolaren bidea primeran jarraituz. 

Bigarren Maila Interautonomikoko Lauko Final handia ENERParking Baskte Navarra taldeak irabazi zuen, Logrobasket taldea 77 eta 60 mendean hartu eta gero.