Udalak udarako eskaintza zabala prestatu du

Guaixe 2023ko mai. 18a, 10:39

Haurrak Aisiaz Blaiko jarduera batean. ARTXIBOA

Haurrendako eta gazteendako eskaintzaz aparte, igeriketa ikastaro trinkoak ere eskaini ditu. Bide batez, hurrengo ikasturteko kirol eskoletarako izen ematea zabaldu du. Izena ematea 948 012 012 telefonora hots eginez edo www.altsasu.eus webgunearen bidez egin daiteke.

Altsasuko Udalak bi izen emate zabaldu ditu. Batetik, udako jarduerena eta, bestetik, 2023-2024 ikasturte kirol eskolena. Aurrenekoari dagokionez, udalaren hiru sail arduratu dira udako eskaintza antolatzeaz. Alde batetik, Txantxari ludotekak 3 eta 12 urte bitarteko haurrendako Aisiaz Blai aisialdi eskaintza antolatu du: begiraleekin hainbat jardueratan parte hartuko dute astegunetako goizetan. Garagarrilean 21, 22,23, 26, 27, 28 eta 30 egunetan izanen da, 08:30etik 13:30era. Eskaintzak segida du garilean eta agorrilean, baina 4 eta 12 urte bitarteko haurrendako. Ordutegian dago berritasuna, garilean, 08:30etik 13:00etara izanen da. 08:30etik 09:30era kontziliazio ordua izanen da, eta talde horretan sartzeko plaza mugatuak dira. Agorrileko ordutegia ere zabaldu da 09:30etik 13:00etara. Aisiaz Blain izena emateko epea hilaren 26ra arte dago zabalik. Bi hilabeteetan hamabostaldika egin daiteke izen ematea. Matrikula egiterakoan familiaren errentaren arabera udalak 11 tarifa zehaztu ditu eta horren araberakoa izanen da ordainketa. 

Gazteria Sailak, berriz, hiru jardueratan izena emateko aukera eman du. Batetik, aniztasun funtzionala duten gazteei zuzendutako Gu Geu Gazte aisialdi eskaintza garilean, 17:00etatik 20:00etara. Bestetik, Intxostiapunta gazte guneak antolatutako Donostiako hondartzarako irteera (garilaren 18an, 10:30etik 19:30era) eta, azkenik, 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako Uda Gazte aisialdi eskaintza. Horietan izena emateko epea garagarrilaren 7an despedituko da. Matrikula egiterakoan familiaren errentaren arabera udalak 11 tarifa zehaztu ditu eta horren araberakoa izanen da ordainketa. 

Bide batez, Altsasuko Udalak jakinarazi du Intxostiapunta gazte gunea garagarrilaren 5etik irailaren 22ra arte 18:00etatik 20:00etara egonen dela zabalik astegunetan. Gaztegunea, berriz, 07:30etik 15:00etara. 

Azkenik, kirol zerbitzuak igeriketa ikastaro trinkoak antolatu ditu udarako. Izen ematea hilaren 28ra arte dago zabalik. Izena ematen dutenek beraien mailaren proba garagarrilaren 1ean edo 2an egin beharko dute. Ikastaroak garagarrilaren 5etik 16ra izanen dira, 15:30etik aurrera. Klaseek 40 minutuko iraupena izanen dute. Bide batez, kirol zerbitzuak jakinarazi du Zelandi kiroldegiko igerilekuak garilean eta agorrilean itxita egonen direla, gimnasioa, berriz, irekita egonen da. Dantzalekuko igerilekuko sarreren prezioak jakinarazi ditu. 3 eta 15 urte bitartekoen uda sasoiko txartela 45 euro balio ditu, eta eguneko txartelak 4,6 euro. 16 eta 64 euro artekoen abonamendua 55 eurokoa da, eguneko txartela 6,2koa. Azkenik, 65 urtetik gorakoen sasoiko txartelak 50 euro balio ditu, eta eguneko sarrerak 6,2. 

Kirol eskolak 
Altsasuko Udalak, bestetik, heldu den ikasturteko kirol eskoletako izen ematea zabaldu du, garagarrilaren 7ra arte dago zabalik. Eskaintza honakoa da: multiekintza, indoor zikloa, taekwondo, gimnasia erritmikoa, yoseikanbudo, txirrindularitza, saskibaloia, areto futbola, areto futbola eta 8 futbola, 8 Futbola, emakume futbola, zelai futbola, atletismoa, pilota, emakume esku pilota, emakume pala, tenisa eta irristaketa. Matrikula egiterakoan familiaren errentaren arabera udalak 11 tarifa zehaztu ditu eta horren araberakoa izanen da ordainketa. 

Altsasuko Udaletik nabarmendu dutenez, “haur eta nerabe osasuntsuak izan nahi baditugu funtsezkoa da mugitzea eta kirola egitea, fruta eta barazki asko jatea eta koipe eta azukreen kontsumoa murriztea. Hori pentsatzera animatzen zaituztegu, erosketak egiten diren momentuan”.