Sexualitate ikuspegiak ikus-entzunezkoetan jasoak

Guaixe 2023ko mai. 24a, 14:00

Ezkerretan Olaia eta Nagore, eskuinean Eneritz, Ekhiñe eta Nahia.

Gozamenez programaren baitako film labur lehiaketako hiru sariak banatu dituzte. Lehiaketaren helburua da sexualitateari buruzko bizipen eta ikuspegi propioak islatzea eta transmititzea.

Sexualitate hozkadak. Sexu eta Harremanei buruzko istorioak leloa zuen film laburren lehiaketa antolatu zuten Gozamenez programak eta Altsasuko Udaleko Gazteria Zerbitzuak. Intxostia gazte guneak GozaGala hartu zuen hilaren 12an, Gozamenez film laburren sari banaketa. Gazte gunean elkartu zen publikoak lehenik lehiaketara aurkeztutako bost ikus-entzunezkoak ikusteko aukera izan zuen. Emanaldiaren ondoren antolatzaileek hiru sariak eman zituzten. Altsasun saritutako bi lan Nafarroako Gozamenez lehiaketara aurkeztu zituzten egileek. 12 eta 17 urte artekoen mailan lehiatu ziren biak. Iruñean maiatzaren 5ean egindako sari banaketatik esku hutsik etorri ziren, baina ederki pasa ondoren. Lehiaketara aurkeztutako lanak altsasu.eus eta gozamenez.com/eu web orrietan ikusgai daude, baita Intxostiapunta gazte gunearen YouTubeko kanalean ere. 

Gozamenez programa ezagutzen du boskote sarituak eta antolatzen diren beste jarduera batzuetan parte hartu izan dute. Saritutako guztiak estreinako aldia zuten film laburren lehiaketan. Sariaren gozoak parte hartzea errepikatzeko asmoa piztu dio boskoteari. Ingurukoek, senide eta lagunek, haiek egindako ikus-entzunezkoak ikusi dituzte. Orokorrean iritzi positiboak jaso dituzte haiengandik. Olaia Ferrero Marinek azaldu duenez, "kritika positiboak eta hain positiboak ez direnak jaso ditut. Horiek kontuan izan ditut film laburra hobetzeko, eta, azkenean, nahiko ondo gelditu zait". Nahia Galbete Matak bietako iritziak jaso ditu ere, "esan didate mezu bat bidali nahi nuela". 


Olaia Ferrero Marin, Eneritz Moreno Gomez, Ekhiñe eta Nagore Gallardo Martinez eta Nahia Galbete Mata.

Eragina
Ingurukoek ikus-entzunezkoak ikusi ondoren sexualitateari buruzko elkarrizketarik ez dela sortu azaldu dute. Saritutako film laburretan, besteak beste, agertu diren gaiak dira sexu identitatea, laguntasuna, sexu joerak, bullyinga, sare sozialak... Esan dutenez, gai horiek hizpide dituzte gazteek. Galbetek azaldu duenez, lagun baten bidez genero aldaketarena gertutik bizi izan du. Ferrerok ere gertuan halako kasu bat izan du eta horrek film laburra egiten "eta inspirazioa izateko asko lagundu" ziola aitortu du. Eneritz Moreno Gomezek azaldu duenez, izena aldatu eta hobe moldatzen  zen beste bategatik aldatu nahi zuen laguna dute. Gaineratu duenez, haien lagun batzuei mutilak bakarrik gustatzen zaizkie, besteei neskak bakarrik eta batzuei biak. Ziurtatu dutenez, lagunartean sexualitatea hizketagaietako bat da. 


Sari banaketa ekitaldia. UTZITAKOA

Saria lortu duten guztiak neskak izan dira. Jakinarazi dutenez, mutil bakar batek aurkeztu zuen film laburra lehiaketara. Beraz, saritu guztiak neskak izatea "zortea" izan dela aipatu dute. Hala ere, gaineratu dute mutilak gai horietaz aritzera ez direla animatzen. "Barrezka hasten dira. Itxiagoak dira", azaldu dute. 

Film laburrak egitea gustatzen zaiela azaldu dute. Ferrerok DBH 1etik gogoko du, sormen tailerrean izena eman zuenetik, "arreta piztu zidan". Ikasketa prozesuan egin behar izaten dituzte ikus-entzunezko lanak. Eta jakintza hori ere erabilgarria izan zaie lanak ontzerako garaian.  Galbeterendako "polita" izan da “filma egiteko besteen azalean jartzea eta besteek zer sentitzen duten ikustea”. Lagunartean, "barre egiteko", egin duten bideoren bat "ongi gelditu" zela azaldu du Galbetek. Halako film labur gehiago egiteko nahia dute. 

Olaia Ferrero Marin
"Lagun hartan pentsatu eta horri buruz hitz egin nuen"

Banakako lan onenaren saria Lo que no todos pueden ver film laburraren egileak jaso zuen, ehun euro eskuratu zituen. 

Zergatik parte hartu zenuen?
Esperientzia berria izango zela uste nuelako. Gauza berriak bizitzea gustatzen zait eta film laburren lehiaketa honetan parte hartzea ideia on bat iruditu zitzaidan. 

Hiru zati ditu film laburrak. Aurrenekoan soinuari aparteko garrantzia eman diozu. Zer adierazi nahi zenuen? 
Galdera ona. Polita iruditu zitzaidan hasieran eszena pixka bat bisuala izatea, ez dakigulako zer espero behar dugun. Hasieran soinuekin jolastu nuen. Horrela, pixka bat, istorioan sartzeko. Eta trama emateko. 

Bigarrenean narratzaileak hartu du garrantzia eta sexu identitatearen inguruko kezka azaltzen du. Zergatik gai hori? 
Justu kasu gertu bat izan nuen lagun batekin. Lagun hartan pentsatu nuen eta film labur honetan horri buruz hitz egitea ideia on bat iruditu zitzaidan. Bigarren zati hau narratiboa da, azaltzen dudalako zer ikusi dugun eta zertaz hitz egin behar nuen film laburrean. 

Hirugarren zatia baieztapen bat da. 
Bai, justu azkeneko partean, klimax bat nahi nuelako. Film laburra modu on batean ixteko, hain zuzen mezu horrekin itxi nahi nuen, hau da, baieztapen batekin. Film laburrean ikus daiteke hipotesi batetik baieztapen batera pasatzen dela. Mezu indartsua izateko, hori egin nuen. 

Nahasita egotetik ideiak garbi izatera. 
Hala da, bai. 

Eneritz Moreno Gomez eta Ekhiñe eta Nagore Gallardo Martinez

"Gatazka moduko bat atera nahi genuen"

Taldekako lan onenaren saria No juzgues antes de conocer lanarekin. Berrehun euro eskuratu zituen hirukoak. 

Zergatik parte hartu duzue?
Eneritz. Zerbait berria egin nahi genuen. Parte hartu genezakeela esan ziguten eta gauza berriak egiteko ideia ona zela iruditu zitzaigun. 

Zer kontatzen du zuen lanak?
Ekhiñe. Neska pijo batek lagun bat du eta haren lagun batek biekin dantza egin nahi du. Bera lesbiana da. Baina neska pijoak ez du nahi, arraroa delako. 

Nagore. Ez zuela onartu lesbiana zelako. Ez du onartu nahi horregatik izan zela, ez duela dantzan parte hartzea nahi. Azkenean lagunak egiten dira eta dena ongi bukatzen da. 

Laguntasuna agertzen da zuen lanean. 
Eneritz. Egia esan, gatazka moduko bat atera nahi genuen film laburrean. Azkeneko partean nahi genuen gauzak konpondu lagun horrekin. 

Sexu joeraren inguruan bat-batean hausnarketa bat. 
Ekhiñe. Pijoak bullying egiten zion besteari lesbiana zelako bakarrik. 

Iritzi aldaketa sare sozialen bidez? 
Nagore. Ikusten du egunerokotasunean ez dela arraroa horrela izatea eta, azkenean, onartzen du eta lagunak egiten dira. 

Nahia Galbete Mata
"Ez da neska sentitzen, mutila baizik"

Herritarren botoen bidez publikoaren saria lortu zuen Vive y deja vivir lanarekin. Eta horrekin batera ehun euroko saria.

Zer sentitzen da ikusleek zure lana saritu dutenean?
Poza, zoriontasuna, publikoari gustatzeagatik. 

Zure film laburraren promozioa egin zenuen?
Ez nuen publikatu ezta Instagramen ere. Ez nuen ezer egin, ez Whatsappez bidali, ez ezer. 

Zer kontatzen du?
Kontatzen du bere lagun bat ez dela neska sentitzen, mutila sentitzen dela. Aldatu nahi zuen, baina besteek bullyinga egiten zioten. Aldatzeko prestatu zen eta Madrilera bizitzera joan zen, Chuecara; LGTBI+ jendea onartzen duen auzo bat da. 

Madrilen bukatu zenuen zuk ere! 
Aste Santutan joan nintzen eta grabatu nuen. 

Sexu identitatearen gaiak kezkatzen zaitu? 
Bai, jendeak ez duelako onartzen.