Altsasuko Udalak bi lan egitera 512.160,55 euro bideratzea erabaki zuen hilaren 17an, asteazkenean, egindako bilkuran. Dirutza horretatik 151.352,36 euro herritik Dantzaleku kirol gunera ura eramaten duen hoditeria berritzeko erabiliko da. Javier Ollo Martinez alkateak azaldu duenez, "sare horrek, gehienbat, mikro zementuzko hodiak ditu eta oso hondatuta dago. Bere egoeragatik ur ihesi ugari izaten dira. Hausturak ere maiz izaten ditu ere". Alkateak jakinarazi duenez, “igerilekuak zabaltzearekin, udan, arazoak areagotu egiten dira. Betetzerakoan edo ura aldatzerakoan uraren presioa jaisten da sare horrek hornitzen dituen Dantzaleku bitarteko etxeetan, Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutuan eta Iñigo Aritza ikastolan. Horrek ikastetxeetan eragozpen handiak sortzen ditu”.
Horregatik, udalak herritik kirol gunera arteko ur hornidura sarea berritzea eta egungo hodiak fundizioan egindakoengatik ordezkatzea erabaki du. Sare berrian ur kontagailuak berrituko ditu udalak, urruneko irakurketa aukera ematen duten gailuak jarriz. "Erregistro kutxatiletan sarea mozteko giltzak izanen dira. Horrela, ur ihesak izanez gero, haien kontrola eraginkorra egin daiteke momentuan bertan. Gainera, ihesen bat balego, sarea sekzioetan erraz bana liteke ur ihesa erraz atzemateko", azaldu du alkateak. Lanak igerileku sasoia despeditu ondoren hasiko dira, eta, beranduenez, ilbeltzean despedituko dituzte.
Lanaren kopurua handia zenez, udalak dirulaguntza lortzeko bi eskaera aurkeztu zituen eta biak atzera bota zizkioten. Next Generation funtsetan "deialdiaren muga gainditzeagatik". Nafarroako Gobernuaren Tokiko Inbertsioen Planaren bidez Ameztiako ur biltegiaren eta herriaren artean sarea berritzeko udalak laguntza jaso zuenez, dirulaguntza horrekin Altsasuko Udalak gehienezko kopurua lortua zuen eta 2026-208 deialdira zain egon beharko luke. "Lan egitea premiazkoa da, ur sarearen matxurengatik aipatutako etxeak eta ikastetxeak ezin dira urik gabe gelditu. Horregatik, lana udalaren diruzaintzako gerakineko diruarekin ordainduko dugu. Hala ere, ur hornidura sare bat berritzea denez, ordaindu beharrekoaren BEZa kengarria da", argitu du alkateak.
Futbol zelaia
Dantzalekuko futbol zelaiak 2010az geroztik du belar artifiziala. Erabileraren poderioz, zelai sintetikoa hondatu egin da eta arazoak sortu ditu. Esaterako, futbol entrenamendu eta partidetan hainbat lesio izan dira. Horren jakitun egin du Altsasu kirol elkarteak udala. Baita egungo argiteria azpiegitura eskasa dela urteko zenbait hilabetetan eta ordutan, ondorioz, "partidak jokatzeko arazoak izan dira eta hala jakinarazi du Nafarroako Futbol Federazioak".
Horien jakitun, eta "kontuan izanik Altsasu kirol elkarteak 18 talde eta 330 jokalari dituela, sekula baino gehiago", Altsasuko Udalak lanok egitea erabaki du. Ollok jakinarazi duenez, “horiekin batera, futbol zelai zaharrean futbol 7ko zelai bat eginen da. Horretarako, ura drainatzeko sistema eta futbol ateak jarri eta gaur egungo futbol zelaitik kenduko den belar artifiziala berrerabiliko da". Alkateak jakinarazi duenez, "futbol 7ko zelai berria entrenamenduetarako erabiliko du klubak. Baina edozein herritarrek erabiltzeko aukera ere izanen du. Berrituko dena, berriz, entrenatzeko eta partida ofizialak jokatzeko erabiliko dute".
Lan horiek 360.808,19 euroko aurrekontua dute. Haietatik 253.589 euro Nafarroako Gobernutik zuzenean jasoko ditu udalak, Geroa Baik aurtengo aurrekontuei aurkeztutako emendakin baten bidez jasoak. Lanak ordaintzeko gainontzeko 107.219,19 euroak diruzaintzako gerakinetik aterako ditu udala. Lanak garila hasierarako martxan nahi dituzte, festen ondorengorako bukatuta egoteko.