Burunda klubarekin trebatu zen txirrindularitzan Nahia Imaz Perez altsasuarra. Ondoren, Ermitagaña Lacturalen kadete eta junior mailan ibili zen, eta aurten, 2023an, Sopela Team taldearekin 23 urtez azpikoen afizionatu maila mustu du. UCI mailako Espainiako Vueltan eta Euskal Herriko Izulia Womenen aritu berri da.
Aurten 23 urtez azpiko maila mustu duzu eta Espainiako Vueltan eta Euskal Herriko Itzulia Womenen aritu zara. Tarte laburrean salto handia da.
Gure taldea, Sopela Team, UCI kontinental mailakoa da. Beraz, bi egutegiak egiteko aukera dugu. Batetik, 23 urtez azpiko lasterketak ditugu, Espainiako Kopan lehiatzeko aukera, eta bestetik proba garrantzitsuagoetan aritzekoa, UCI mailako Vueltan, Itzulian, eta halakoetan. Zein mailan nagoen galdetzen didatenean 23 urtez azpikoen mailan nagoela esaten dut. Nik ez dut nire burua profesionaltzat hartzen.
Zergatik aukeratu zenuen Sopela Team taldea 23 urtez azpikora salto egiteko?
Hasieratik konfiantza eman zidatelako eta taldea nola eramaten duten gustuko dudalako. Unibertsitateko lehenengo urtean nago eta hori errespetatzen dute. Hau da, azterketa batengatik ezin baduzu lasterketa batera joan, ez dute trabarik jartzen.
Ikasketak aurretik jarri dituzu.
Niretako lehenengo ikasketak dira, eta txirrindularitza bigarren maila batean dago. Gradu bikoitza ari naiz ikasten Donostiako Deustuko Unibertsitatean, Fisioterapia eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak. Guztia aurrera ateratzea ez da erraza. Urte gogorra izaten ari da, batez ere azterketak direla eta, ikasteko denbora gutxi baitut. Baina ondo antolatzen naiz, eta momentuz aurrera eramaten ditut entrenamenduak eta lasterketak, baita ikasketak ere.
Hasieratik egon zara UCI mailako lasterketak jokatzeko zerrendan, hala behetik gora egin duzu.
Hasieran Espainiako Kopako lasterketekin hasi ginen, 23 urtez azpiko amateurrekin, erritmoa hartzeko. Hasieratik argi genuen maiatzean UCI mailako lasterketa garrantzitsuak iritsiko zirela eta bertan lehiatu beharra genuela. Jakina, Vuelta edo Itzulia ez dira aurreko lasterketak bezalakoak, maila oso ezberdina da. Helburua ez zen marka konkretu batzuk egitea, esperientzia hartu eta ikastea baizik. Espainiako Vueltan hasieran beldur pixka batekin hasi ginen, UCI mailako gure lehen lasterketa zelako. Baina azkenean ohitzen zara munduko hoberenekin lehiatzera. Beldurra galtzen duzu eta haien parte egiten zara.
Zer sentitu zenuen halako izar handiekin, munduko txirrindularirik onenekin lehiatzean?
Zure idoloak dira eta haiekin lehiatzea arraro egiten da, baina tropelean zaudenean, esaterako, Annemiek van Vleuten ikusten duzunean, ilusioa sortzen dizu horrek.
Vuelta eta Itzulia ezin izan zenituen bukatu. Nolako balorazioa egiten duzu?
Espainiako Vueltan bigarren eta hirugarren etapetan erorikoak izan nituen, azkenean min nahikoa hartu nuen eta erretiratu egin behar izan nuen. Ongi errekuperatu nintzen, eta taldearekin hitz egin ondoren Itzulia lehiatuko nuela adostu genuen. Maiatzaren 12ko etapan sekulako euritea egin zuen: 3 ordu eta erdi baino gehiago egon ginen euri azpian. Oso gogorra izan zen, baina eguna salbatu genuen. Maiatzaren 13koan eguzkia atera zen eta askoz hobeki egin nuen etapa. Maiatzaren 14an nekatuta geunden, eta 70. kilometroan lasterketatik erretiratu gintuzten taldetxo bat. Hala ere, balorazioa positiboa da, horraino iritsi ahal izatea behintzat. Egindakoarekin gustura nago.
"Helburu nagusiena Espainiako Erlojupeko Txapelketa da. Podiumean sartu, edo, behintzat, gertu egotea"
Zeintzuk dira zure aurtengo helburu edo erronkak? Taldeak zerbait eskatu al dizu?
Taldeak ez digu batere presiorik sartzen. Gure zuzendariaren nahia da guk gutxinaka erritmoa hartzea eta kategoriari egokitzea. Nire helburu nagusiena Espainiako Erlojupeko Txapelketa da, txapelketako podiumean sartzea edo, behintzat, gertu egotea. Hori nahiko nuke, eta helburu hori lortzeko prestatzen ari naiz. Ekainaren 23tik 25era jokatuko dira Espainiako Txapelketak Madrilen, eta erlojupekoko proba ekainaren 23an, ostirala, izango da. Nesketan ez dago Nafarroako Selekzioarekin joateko aukera, orduan Sopela taldearekin joango naiz Espainiako Txapelketetara.
Horretaz aparte, nolako egutegia duzu?
Maiatzaren 26an ez dakit oraindik ziur Nafarroako Erlojupeko Txapelketan parte hartuko dudan ala ez. Maiatzaren 28an Eibarren jokatuko den UCI mailako lasterketa batean parte hartuko dut. Ekainean azterketekin ibiliko naiz eta Espainiako Kopako lasterketak jokatuko ditut, eta baita Espainiako Txapelketa ere bai.
Txirrindularitzan gora iritsi ahal izateko aukerak ikusten dituzu?
Ez dut horretan asko pentsatzen, gehiago naiz egunez egun egin beharrekoa egitearen aldekoa. Iristen bada iritsiko da, eta ez bada iristen, orain arte egindakoaz pozik egongo gara.
UCI mailako halako proba garrantzitsuetan parte hartu duzun lehen sakandarra zara. Hori ardura bat da?
Ez, nik ez dut ardurarekin hartzen. Joan zen urtean jubeniletan nengoen, eta 23 urtez azpiko mailara sekulako saltoa nabaritu dut. Iaz lesionatuta ibili nintzen, eta horregatik aurre denboraldia berandu hasi nuen eta hasieran erritmoa hartzea kostatu zitzaidan. Baina orain ondo ibiltzen hasi naiz eta hemendik aurrera nire maila hobetzen joatea espero dut.
"Niretako lehenengo ikasketak dira, eta Sopela Team taldeak hori errespetatzen du"
Denboraldi hasiera gogorra izan zenuten, Estela Dominguez zuen taldekidea hil egin baitzen, Salamancan entrenatzen ari zela kamioi batek harrapatuta.
Albiste oso triste eta hunkigarria izan zen taldearendako. 18 urteko neska bat zen, eta Espainiako Selekzioan taldekide izan nuen zenbaitetan, horregatik aurretik ezagutzen nuen. Halako gertakariek, noski, ematen dute zer pentsatu. Gertu direnean, konturatzen zara horrelako gauzak gertatzen direla, ez direla telebistan ikusten dituzun gertakariak. Baina aurrera egin beharra dago. Errepidean txirrindulariak errespetatu behar ditugu, eta baita gidariak ere. Ez dago besterik.
Kadetea eta jubenila zinela Espainiako Selekzioan aritu zinen. Kategoria berrian zurekin harremanetan jarri al dira?
Aurten oraindik ez dut kontakturik izan. Denboraldi hasieran ez nintzen oso ongi ibili, aurretik lesionatuta egon nintzelako, baina horrek ez du esan nahi agian etorkizun batean berriz dei hori jasotzeko aukera ezin izan dezakedanik. Horretarako lanean jarraituko dugu; ea gauzak ondo ateratzen diren.