EH Bilduk ekitaldia egin zuen larunbatean. Laura Aznal presidente gaiak azpimarratu zuenez, “lehentasunak eta inbertsio politika berriz pentsatzeko unea da. Erabateko arduragabekeria da AHT bezalako proiektu zaharkitu bat defendatzen jarraitzea”. Horren aurrean, “herritarren zerbitzura egongo den eta Sakana bezalako eremuak kohesionatuko dituen tren sozialaren eredua bultzatzea posible” dela ziurtatu zuen koalizioko lehendakarigaiak.
Aznalek, bestetik, nabarmendu zuenez, “azken urteotan Sakanako plan estrategikoaren inguruan egindako lana eredugarria da. Gizarte eta lurralde kohesioa funtsezkoa da tokiko garapenerako, eta EH Bildun gure politiken erdigunean kokatzen dugu”. Hori guztia Altsasuko hautagaitzako kideak eta ibarreko EH Bilduren alkategaiak aldamenean zituela esan zuen Aznalek.
Azken horien izenean Altsasuko alkategai Ainize Ibargutxi Iparragirrek hartu zuen hitza. Hark adierazi zuenez, “errealitateak elkarrekin indartsuagoak garela erakutsi digu. Madrildik jasotako erasoen aurrean sakandarrok elkartasun erakustaldi historikoa egin genuen, gure herriak gogor jo zituen ekonomi krisiaren aurrean bat egitea, elkarlana eta lan tresnak. Argi dago, elkarrekin guztiok irabazten dugu, eta hori aurrera eraman behar dugu".
Ibargutxik nabarmendu zuenez, "Altsasu ostrazismotik, dagoen erakunde isolamendutik atera behar du; Sakanara bueltatu behar du. Isolamendu horren ondorioz, altsasuarrek aukerak eta bizi kalitatea galtzen dituzte. Agenda politikora, partekatutako agendara bueltatu beharra dago”. Eta egungo Altsasuko alkateari aipamena eginez, esan zuen”: Ollo jauna, elkarrekin beti hobe". EH Bilduko Altsasuko alkategaiak azpimarratu zuenez, "gure helburua sakandarrak erdigunean jartzea da; pertsona guztiak, eskubide guztiak eta behar guztiak. Inor atzean utzi gabe, inor atzean gelditu ez dadin". Etxebizitza eskubidearen alde egin zuen. Baita Sakanaren eta bere inguruaren alde ere, eta AHT egitasmoaren aurrean, tren soziala aldarrikatu zuen berak ere.