Geroa Baik ekitaldia egin zuen Altsasun larunbatean. Uxue Barkos lehendakarigaiak esan zuenez, "kudeaketa ezinbestekoa da, baina ez bakarrik kudeaketa. Javier Ollo Martinez eta bere kudeaketa distiratsua ez lirateke ulertuko Altsasuk bizi izan zituen aztoratutako urteetan duintasun eta indar kudeaketa are dirdiratsurik gabe. Ollo moduko alkate bat gabe, zaila izanen litzaioke egoera harri aurre egitea lasaitasunetik, familiei akonpainamendua eginez eta duintasunaren defentsa eginez". Barkosek gaineratu zuenez, "ohikoaren kudeaketa ere ez zen erraza egoera hartan, eta Ollok eta bere lantaldeak egiten jakin izan zuten".
Koalizioaren alkategai Ollok esan zuenez, "kudeaketa eskatzen zaigu udalean gaudenean, eguneroko lana. Hori da gure bereizgarria. Eta horrexek eman zigun 2019an emaitza oso ona". Geroa Baikoak gaztigatu zuenez, "emaitza hura hainbat ideologiatako jendeen babesaren ondorioa da". Geroa Baik Altsasuko zentralitate politikoa ordezkatzen duela azpimarratu zuen.
Udalak azken zortzi urteetan egindako inbertsioak nabarmendu zituen. "Urtero milioi erdi euro baino gehiagoko inbertsioak egin ahal izatea kudeaketaren, arduraren, aurrekontua kudeatzeko garaian izandako zuhurtziaren eta ekimen politikoaren fruitua da", esan zuen Ollok. Gaineratu zuenez, Altsasuko Udalaren ekonomia egoerak “aukera ematen du inbertsioak egiteko, igerileku estaliak irekita mantentzeko pandemiari eta energia-kostuen igoerari aurre eginez, eta datozen lau urteetan Altsasuk zergak, tasak eta prezio publikoak ez igotzeko”. Ollok nabarmendu zuenez, "kalitatezko zerbitzu publikoekin eta urteko inbertsioekin, altsasuarren bizitza hobetzen ari gara. Kudeaketa da gure berme nagusia".