IU Zurekin Altsasuk “ezkerreko, errepublika zaleak eta aurrerakoiak direnei” dei egin die

Guaixe 2023ko mai. 25a, 11:34

IU Zurekin Altsasu hautagaitzako kideak eta Carlos Guzman Zurekin Nafarroako Parlamenturako zerrendako bigarrena. UTZITAKOA

Udal hauteskundeetan haien hautagaitza babesteko eskatu du, “Altsasuko Udalean beste dinamika bat ezarri eta udaletxeko ateak altsasuar guztiei zabaltzeko, gertuko eta gardena den administrazioa”  helburu dutela adierazi du.

Ahal Duguk, IUk, Batzarrek, independenteek Alianza Verdek eta Berdeak-Equok bat egin dute Nafarroan. Altsasun hautagaitza aurkeztu du koalizioak; IU Zurekin Altsasu izena du eta alkategaia Gonzalo Montoya Serrano da. Montoyak adierazi duenez, "albiste ona da hainbat alderdik bat egitea beraien ahaleginak funtsezko gaietan zentratzeko". IU Zurekin Altsasuko alkategaiak esan duenez, "Altsasuko Udalean sartzeko eta ezkerreko politiketara bira egiteko motor izateko indartsu ikusten dugu gure burua". Gaineratu duenez, "ezkerreko politikak dira pertsonei haien bizitzak benetan hobetzen laguntzen dietenak". Hautagaitzako kideek azaldu dutenez, haien asmoa da "ezkerreko polo ez abertzalea sortzea eta bulkatzea da. Horregatik, ezkerreko, errepublika zaleak eta aurrerakoiak diren altsasuarrei". 

Bestalde, Zurekin Nafarroaren Nafarroako Parlamenturako zerrendan bigarrena den Carlos Guzmanek nabarmendu duenez, "gure koalizioarendako funtsezkoa da Iruñeazentrismoarekin bukatzea. Nafarroako landa eremu guztiek merezi duten protagonismoa izan behar dute. Baita haien garapena bulkatuko duen zerbitzu publikoetarako sarbidea ere". Horregatik, Guzmanek altsasuarrei dei egin die igandean "ezkerrekoa, soziala, berdea eta zerbitzu publikoak blindatzearen alde egiten duen botoarekin betetzeko hautetsontziak". 

Programaz
Altsasuko Udalerako aurkeztutako programari dagokionez, hiru ardatz nagusi dituela nabarmendu dute. Batetik, hirigintza, etxebizitza, lanak eta zerbitzuak hartzen dituen ardatza dago. Arlo horretan jaso dute, batetik, eraikinen birgaitzea sustatzea, herriari itxura homogeneoagoa emanez. "Udal jabetzak gizarte larrialdietarako etxebizitza gisa egokitzea". Horrekin batera, alokairu soziala sustatu nahi dute, hala izateko etxebizitza hutsen jabeei hobariak ematea aztertzea proposatu dute, "gazteen independentzia sustatzeko".

Gaztigatu dutenez, "Altsasuko trafikoa kaotikoa da batzuetan, eta, horretarako, esku hartu behar da, berrantolatzeko, aparkatzeko poltsak sortu eta mantentzeko". Aldi berean, autokarabanendako leku egokia sortzea proposatu dute. Horri lotuta, Udaltzaingoaren zerbitzu ordutegia ahalik eta zabalena izatea nahi dute, "udaltzainek herritarrei hurbileko eta hezkuntza zerbitzua emateko".

Aldi berean, argia, ura, elektrizitatea, telefonia eta bestelako zerbitzuen kudeatzaileak herrian egon behar dutela uste dute. "Horretarako, bitartekari gisa lan eginen dugu, gure herrian berriro eman daitezen". Aldi berean, erdiguneko bainu publikoak birgaitzea eta irekitzea aztertzea proposatu dute. Aldi berean, txakurren aisialdirako gune egokiak eta prestatuak sortzea aztertuko lukete. 

Bigarren lan ardatza osasuna, gizarte ongizatea, gizarte eta kultura arloak eta elkartasuna hartzen ditu. Osasun arretan Altsasu "abandonatua" izan dela uste dute IU Zurekin Altsasuko kideak. "Horregatik, Osasun Kontseilua dinamizatuko dugu, gure eskualdean kalitatezko osasun publikoa defendatzeko. Gainera, Aita Barandiaran egoitzan osasun presentzia espezifikoa dagoen aztertuko dugu, gure adinekoen eta langileen baldintzak hobetuzeko". Eguneko zentroa sortzea mahai gainean jarri dute. Josefina Arregui klinikak egiten duen lana babestuko dute, haiek administrazioaren aurrean bitartekaritza tresna izan nahi dute.

Altsasuko Udalaren Larrialdietarako Plana egingo dugu, haren bidez borondatezko asoziazionismoa sustatzeko. Bestetik, Gizarte Zerbitzuen prestazioei buruzko sentsibilizazioa eta informazioa, gizarte larrialdietarako funts solidario bat sustatuz, premia larrian dauden pertsonen oinarrizko premiak asetzeko. "Gizarte bizitzaz beteriko herria nahi dugu, gure kultur, kirol eta aisialdi jardueretan parte hartzea sustatuz, merkatari, jatetxe, gazte elkarte eta abarrei parte hartuz. Euskararen sustapenarekin dugun konpromisoa eta lana kontuan izanik lan hau ezin dela inposizio gisa hartu". Horiekin batera, berdintasun eta elkarbizitza hezkuntza sustatu nahi dute ikastetxeetan. Aldi berean, emakumearen ahalduntzea eta gizonezkoen sentsibilizatzea sustatuko dute, berdintasuna helburu. 

Azkenik, IU Zurekin Altsasu hautagaitzaren hirugarren lan ardatz nagusia ekonomia garapena da. Kideek iritziz, "gure herriak ekintzaile gazteak atxikitzeko eta erakartzeko gaitasuna izan behar du, Altsasu dinamizatzen laguntzeko, udaletik laguntza emanez hurbileko merkataritza sare bat sortzeko, hutsik dauden lokalak mugituz eta belaunaldien arteko erreleboa bultzatuz". Horretaz aparte, bertako abere arrazak eta landatzeko moduko espezieak kontserbatzearen aldeko apustua egin dute, "familia ustiategiak, kontsumo taldeak eta tokiko ekoizleen zuzeneko salmenta guneak sustatuz”. Beharrezko jo dute enplegu berderako plan bat ere.