Altsasuko Gazte Asanbladak (AGA) eta Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) jakinarazi dutenez, "ezezagun bat gaztetxera sartu zen joan den asteko igandean. Eskutitza utzi, argiak piztuta utzi eta atearen heldulekuan kaka bat zintzilikatu zuen". Azaldu dutenez, gutuna Mugimendu Sozialistako kideei zuzenduta zegoen, "hizkera erasokorra eta infantilista erabiltzen zuen". Udan beste eskutitz anonimo ba jaso zuten. Bi antolakundeek jakinarazi dutenez, "atzo bertan beste kaka bat bota ziguten gaztetxera".
AGA eta GKSko kideen iritziz, "eskutitza edota gaztetxera sartzea mehatxu izaera argia dauka, Altsasun antolakuntzan ari den gazteria langilearen beldurraraztea bilatzen duena". Bi antolakundeen iritziz, "egoera hau ez da kasu isolatua, gaztetxe eta gazte langileon jazarpen eta etengabeko erasoen beste adibide bat baizik. Gazteak antolakuntzara batzetik urrun, subjektu despolitizatu eta kriminalizatu bat bilakatu nahi ditu burgesiak". Testuinguru horretan kokatu dute, besteak beste, Foruzaingoa Iturmendiko gaztetxean hirugarren aldiz sartzeko saiakera.
Bi antolakundeetako kideek gaztigatu dutenez, "begi bistakoa da krisi garaian langileen kontrako ekonomia ofentsibaz aparte, politika eta kultur ofentsiba ere badela. Izan ere, proletargoaren bizi baldintzak erasotzen ari diren honetan, geroz eta testuinguru autoritarioagoa dugu". AGAko eta GKSko kideen "argi utzi" dute ez direla "kikilduko. Jarduera politikoarekin aurrera jarraitu eta gaztetxearen edota militanteen kontrako erasorik ez dugu onartuko".