GIMNASIA ERRITMIKOA

Iskizako gimnastak, txapelketetan murgilduta

Guaixe 2023ko eka. 1a, 13:00

Iskiza Sakanako jubenilek Espainiako Kopan lan ederra egin zuten eta Nafarroako Kirol Jokoetako taldekako modalitateko lehen fasean oso txukun aritu ziren 

Apirilaren 27an Iskiza Sakana oinarrizko jubenil taldeak Santanderren jokatutako Espainiako Gimnasia Erritmikako Kopan parte hartu zuen. “Beraien lana oso ondo defendatu zuten, eta haien irribarre, begirada eta kideen arteko konplizitateari esker zenbaterainoko harrotasuna helarazteko gai izan ziren ikustea hunkigarria izan zen” azaldu du Olaia Agirre Iskiza Sakanako koordinatzaileak. Estatu mailan 25. postuan sailkatu ziren Iskizakoak, Nafarroako lehenak. 

Maiatzaren 21ean Nafarroako Kirol Jokoen Taldekako Gimnasia Erritmikoko Txapelketako lehenengo fasea jokatu zen Tafallan, eta Iskizako hiru taldek hartu zuten parte: haurrak, kadeteak eta kimuak. “Gure gimnastek, irribarrea ezpainetan, primeran dantzatu zuten. Entrenatzaileendako sekulakoa da eurak gozatzen ikustea, gure benetako altxorra”. Kadeteek eta kimuek bigarren postua lortu zuten. Txapelketako bigarren fasea ekainaren 3an jokatuko da Berriozarren.