Javier Ollori gutuna

Erabiltzailearen aurpegia Eider Garde Mazkiaran (Nafarroako 0-3 Plataformako kidea eta Pilotajauku Kirol Elkarteko idazkaria) 2023ko mai. 29a, 11:12

Joan den maiatzaren 9an, prentsako titular batek zioen Altsasuk 953.439 euroko superabitarekin itxi zituela 2022ko kontuak. Gastu orokorretarako udalaren diruzaintzako soberakina 3,5 milioi eurotik gorakoa dela. Alkate zaren aldetik, "oso irakurketa positiboa" egin duzu 953.439€ko superabita dela eta. Nirea, ez da zurea bezain positiboa. 

Altsasuko herriak ez daki zuk ez diezula Txirinbulo Haur Eskolako langileei ordaintzen, iaz, haur eskoletako langileen borrokari esker lortutakoa. Soldata duina lortu genuen, zuk ordaindu nahi ez duzuna, ikusita dirua egon, badagoela.

"Hau guztia kudeaketa arduratsu eta zuhurrari esker izan da" aipatu zenuen. Udal pilotalekua itxita izatea ez da batere arduratsua, ezta umeei frontoiaren alokairua ordainaraztea ere pilotan jokatu ahal izateko. Era berean, ez da batere zuhurra zure udal saneatuko kirol eskolak beren kostuaren azpitik finantzatzea, herriko kluben kontura, eta zerbait gertatuz gero, azken horiek jan dezatela marroia. Benetako gastuak estaltzen ez dituzten hitzarmen sistema ezartzea ere, ez da arduratsua. 

Egiten ari zarena ez da udal baliabideak modu arduratsu eta zuhurrean kudeatzea, zure herriari bere eskubideak ukatzea baizik. Badirudi banku erakunde bat kudeatzen duzula, udal erakunde bat beharrean. Udal zuhur eta arduratsu batek bere herriari begiratu beharko lioke, bere ongizateari, bere bizi kalitateari. 

Udal langile batek dagokiona baino gutxiago kobratzen duen bitartean eta pribatuak balira bezala kudeatzen diren udal instalazioak dauden bitartean, 3,5 milioi euroko soberakina zikina dago.