Altsasuko EH Bildutik adierazi dutenez, "orain indartsuagoak gara". Izan ere, udal hauteskundeetan boto eta zinegotzi kopuruan gora egin zuen igandean, 960 boto eta lau zinegotzi eskuratuz. Haien hautagaitzaren alde egin dutenei eskerrak eman dizkiete. Koaliziotik gaztigatu dutenez, "udal hauteskundeak prestatzeko prozesu honetan, datozen urteetarako lantaldea berritu, indartu eta eratu dugu. Altsasuko Udaletik lan egin eta borrokatzeko udal talde indartsua dugu".
EH Bilduko kide altsasuarrek azaldu dutenez, "programa osatzeko batzarretan jasotako ekarpenak eta herriko eragile eta gizarte eragileen ekarpenek osatuko dute gure ibilbide orria. Horiez aparte, altsasuarrekin eta elkarteekin harremanak eta elkarlanak ere osatuko dute ibilbide orri hori". Koalizio kideek gaineratu dutenez, "indarra eta ilusio berritua eramanen ditugu udalera eta gizarte dinamiketara". Koalizio kideek gaineratu dutenez, "ziur gaude ziklo aldaketa baten hasieran gaudela, gizarte politikak, zerbitzu publikoak, gardentasuna, parte hartzea... azken batean, pertsonak eta haien eskubide eta premiak izanen dira udalaren ekintza politikoaren muina".