Maiatzaren 24tik 28ra Nazioen Arteko Kopako Orlen Nations Grand Prix lasterketa jokatu zen Polonian, eta bertan parte hartu zuen 23 urtez azpiko Espainiako selekzioak. Mikel Zabalak zuzendutako seikotean Laboral Kutxako Iker Mintegi Claver altsasuarra zegoen, Mikel Retegi, Carlos Canal, Jorge Gutierrez, Fernando Tercero eta Diego Uriarte taldekide zituela. Taldeak lan bikaina egin du, taldekako sailkapenean bigarren sailkatu baita, Frantzia selekzio onenetik 23 segundora.
“Balorazioa oso ona da. Txirrindulari guztiek lan izugarria egin dute. Soilik etapa garaipen bat lortzea falta izan zaigu, baina aurrean egon gara eta Etorkizunerako Tourrerako sailkatu ahal izateko puntu garrantzitsuak lortu ditugu. Maila oso ona erakutsi dugu. Diziplina eta ofizioa erakutsi dugu. Oso pozik gaude” azaldu du Mikel Zabala zuzendariak.