Ikasgelako proiektuarekin Elhuyar Zientzia Azokara

Guaixe 2023ko eka. 5a, 10:01

Elhuyar Zientzia Azokaren aurkezpena Bilbon egin zuten. UTZITAKOA

Lau proiektu aurkeztu dituzte Sagrado Corazon ikastetxeko ikasleek asteburuan Bilbon egin den topaketan.

Elhuyar Zientzia Azokaren helburua da gazteen artean zientziarekiko zaletasuna suspertzea eta zientzia kultura bulkatzea eta zabaltzea. Gainontzeko hiriburuetan egindako azoken ondoren, Bilboko Areatza Elhuyar Zientzia Azokaren egoitza izan da garagarrilaren 2tik 4ra, ostiraletik igandera. Azoka martxan jartzen zen unetik aurrera, gazteek ikasturtean landutako ikerketa proiektuak eta teknologia proiektuak izan ziren protagonista.

Azokako hiru egunetan, 12 eta 18 urte arteko gazte ikertzaileek ikasturtean zehar egindako 200 STEAM proiektu baino gehiago erakutsi dituzte. Guztiek zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikekin lotutako proiektuak dira. Guztira, 700 gaztek hartuko dute parte aurtengo azokako hiru egunetan. Horien artean daude Altsasuko Sagrado Corazon ikastetxeko lau talde. Euskal Herriko ikastetxeetako gazteez aparte, nazioarteko azoketako saridunak ere izan ziren Bilbon.


Proiektuak landu dituzten irakasleak, ezkerretik lehena Leire Mazkiaran Bergera.

Aurretik Elhuyarrek berak antolatutako Iruñeko Zientzia Azokan izan ziren. "Hura ez da lehiakorra, entsegu modukoa izan zen. Bilbon aurkeztu dituzten lau proiektuak han erakutsi zituzten", azaldu du Leire Mazkiaran Bergera irakasleak. Gaineratu duenez, “ikasleek beraien proiektuak euskaraz azalduko dituzte eta ikertzaileek haiek ebaluatuko dituzte". Ikasleek egindako proiektuek "emaitza politak" izan dituela jakinarazi du Mazkiaranek. Proiektuak aurkezteko ikasleak entseatzen ibili dira azken egunetan. 

Esan duenez, "Iruñekoa nahiko esperientzia polita izan zen ikasleendako. Haien lana aurkezteko aukera izan zuten, eta batzuen kasuan beste ikastetxeek egindakoak ikusteko aukera izan zuten. Gauza interesgarriak zeuden, asko teknologikoak ziren, robotak ikusi zituzten... Beraiendako pixka bat harrigarria izan zen, edonoiz ez delako robotik ikusten". Irakasleak gaineratu duenez, halako jarduerak "ikasleendako estimulagarriak dira. Gainera, beste gaiei buruzko interesa suspertzea eragiten du". 

Ikasleek egindako lau proiektuak ikastetxearen Biberlau izeneko marko orokorraren barruan kokatzen dira. Haren bidez berhezi, berrerabili, berreskuratu eta bideratu kontzeptuak sustatu nahi dituzte. Landutako proiektuei aplikatuta, Iruzur osasungarriak heztea litzateke, Jasopalimo erabiltzea, herri ondareari buruzko lanketa eskuratzea eta klinikarekin egindako proiektua bideratzea. Lau kontzeptuak Nazio Batuen Erakundearen Garapen Jasangarrirako Helburuen 2030 agendaren baitan kokatu dituzte. Eta hori XXI. mendeko hezkuntza erronkekin eta Sagrado Corazon ikastetxearen egitekoekin uztartzen da. 

 

Ikerlariak