aTLETISMOA

Dantzalekukoak, taldekakoan onenak

Guaixe 2023ko eka. 6a, 11:00
Dantzaleku atletismo klubeko 10 urtez azpiko gizonezkoak, txapeldunak.

Dantzaleku Sakana klubeko 10 urtez azpiko gizonezkoen taldeak Nafarroako Kirol Jokoen taldekako txapelketa irabazi du. Ekainaren 3an Sakana Atletismo Eguna antolatu zuten Dantzalekun, eskolako atletismo modalitateak ezagutarazteko.

 

Maiatzaren 21ean Nafarroako Kirol Jokoen Atletismo Txapelketako 12 urtez azpiko eta 10 urtez azpiko taldekako txapelketa jokatu zen Burlatan. Bertan Dantzaleku Sakana Atletismo Eskolako neska-mutilek hartu zuten parte, Fermin Azkargorta eskolako koordinatzaile eta entrenatzailea alboan zutela. 

Korrikalari sakandarrak oso ongi aritu ziren. Atletismo modalitate ezberdinetan hartu zuten parte. 10 urtez azpikoak 50 m lasterketa, 500 m lasterketa, 4x50 m erreleboak, altuera jauzia, luzera jauzia eta pisu jaurtiketa izan zituzten. Eta 12 urtez azpikoek distantzia handiagoa. Dominarekin itzuli ziren sakandarrak. 10 urtez azpiko gizonezkoen mailan Dantzaleku Sakanako taldea izan baitzen Nafarroako txapelduna. 10 urtez azpiko emakumezkoak ere oso ongi ibili ziren eta podiumera igotzear egon ziren, laugarrenak izan baitziren. Eta 12 urtez azpikoan ere txukun ibili ziren sakandarrak. Giro paregabea egon zen Burlatan. 

Dantzaleku, martxa onean
Aurten 70 haur eta gaztetxo ari dira Dantzaleku Sakana Atletismo Eskolan trebatzen, kopuru handia. Fermin Azkargorta da Dantzaleku Atletismo Eskolako koordinatzailea eta monitorea, Aitor Mendozarekin eta Ekhi Olabiderekin batera. Hiru diziplinak lantzen dituzte: jaurtiketak (diskoa, xabalina, pisua, vortex...), pista (harresi lasterketa, luzera saltoa, erreleboak, serieak...) eta krosa.