Astekaria

"Ikasleak lasaitzeko eta animatzeko egoten gara"

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko eka. 6a, 14:12

Patxi Satrustegi Ganboa Altsasuko BHIko orientatzailea.

Ekainaren 6an, 7an eta 8an Unibertsitatean Sartzeko Ebaluazioa (USEa) izanen da Nafarroan, eta Patxi Satrustegi Ganboa Altsasu Institutuko orientatzailea ikastetxetik aurkeztuko diren ikasleen laguntzailea izanen da.

Altsasuko BHIko 61 ikasle aurkeztuko dira aurten.

1. Altsasuko BHIko orientatzailea zara.
Urte luzez, 19992000 ikasturtetik. 

2. Zein da orientatzailearen papera? 
Aniztasunaren trataeran aritzen gara; ikasleei ebaluazio psikopedagogikoa egiten, gelen jarraipena egiten, aholkua ematen eta heziketa premia bereziak dituzten ikasleekin egokitzapena bideratzen. Tutoretza lan handia egiten dugu ere; tutoreei tresnak eta baliabideak ematen dizkiegu. Bizikidetzan oso sartuta egoten gara, eta batzordeko partaide eta buru izaten gara; harremanetan egon daitezkeen gatazketan egoten gara. Ikas orientazioa egiten dugu ere, batez ere DBH 3. eta 4. mailan eta batxilergoan. 

3. Aurten USEa egitera joaten direnen laguntzailea izanen zara. Zergatik?
Ez aurten bakarrik. Hau laugarren edo bosgarren urtea da. Norbait arduradun bezala joan behar da, jarraipena egitera eta ikasleekin egotera, laguntzera. Normalean tutoreak edo nahi duen irakaslea izaten da. Duela lau edo bost urte inor ez zegoela gertatu zen, eta izena eman nuen. 

4. Eta jarraitu duzu.
Berez tutoreak joatea egokiena da, beraiek ikasleak gehien ezagutzen dituztenak baitira. Baina egia da tutore guztiak ez direla joaten, bi edo hiru talde joaten badira, tutore bakarra egoten da. Nik ez ditut hainbeste ezagutzen. Baina tutorea ez bada joaten, ez da hain garrantzitsua ikasketetan laguntzearen figura, ikasketak dagoeneko prest dituztelako, eta batez ere lasaitzeko, bideratzeko eta laguntzeko pertsona bat behar dutelako, eta hori edozein irakaslek egin dezake. Nik parte hartu nuen, ongi joan zen , beraiek ere ez dute kontrakorik esan, eta nik joaten jarraitu dut. 

5. Zenbat ikasle doaz? 
Aurten 61, hiru klase. Baina urtearen araberakoa izaten da. Aurreko ikasturtean ez ziren 50era iristen eta aurten 60 pasa.

6. Nola laguntzen duzu momentu horretan?
Badago lan formal bat: antolaketa, autobusa, paperak, non aurkeztu, ordutegiak, mugikorrak nola egon behar diren esan, zer tresna eraman behar dituzten... Logistikarekin lotutako gauzak, eta ardura nik eraman behar dut. Beraiek nahiko argi dute dena, baina egoera emozional desberdinak daude. Bestetik, nire lana animatzea, bultzatzea eta abar da. Ez da lan espezializatu edo berezi bat. Han egon behar zara gauza ongi, lasaitasunez eta normaltasunez joan dadin. Egoera horretan edozein arazok dena hankaz gora jarri jar dezakeelako. 

7. Nola joaten dira ikasleak? 
Gure ikastetxean denetarik dago.  Iruñetik bi egunetarako kanpora doan jendea ere bada, gaua bertan pasatzen dutenak.. Guk autobus bat antolatzen dugu. Aurten joaterakoan autobusa izanen dute, baina itzulerakoan lehenengo eta bigarren egunean bakarrik. 

8. Eta emozionalki?
Lehenengo egunean beldurrak airean daude, dardar batean, modu desberdinetan: batzuk oso euforiko ateratzen dira, beste batzuk isilean bere gauzatan... Lehenengo eguna okerrena da. Dena berria da. Bigarren egunerako neurria hartu diote eta, tentsioaren barruan, beste patsada batean hasten dira. Tentsio handiko uneak dira. Batzuk asko dute jokoan. 

9. Zure selektibitatea gogoan duzu? 
Bai, horixe. Nola ez dut gogoratu behar! Nik uste denok gogoratzen dugula. Tentsio handikoa izan zen ere, jende pila bat denak batera, itogarria bezala zen. Baina ez dakit horrenbesteko presioa genuenik. Gainditzeko presioa genuen, baina ez genuen notagatik hainbesteko presioa. Orain presioa notagatik da. Ikaragarri igo da gradu batzuetan nota, eta batzuk nahi dutena lortzeko oso zail dute.

10. Zer gomendio ematen diezu?
Lanak eginak eramatea. egun hauetan hori da garrantzitsuena. Esan nahi dut, ikasi duten hori ongi antolatu, organizatu, informazioa eskematizatu eta argi izan ikasgai bakoitza nondik heldu daitekeen. Orain ezin dute gehiegi sakondu; ikasitakoa non daukadan buruan eta hori nola kudeatu. Horretarako lasaitasun puntu bat behar duzu edo behintzat tentsio ez oso handia. Garrantzitsuena antolakuntza da. 

11. Graduak aukeratzeko orduan, zer joera daude?
Boladak egoten dira. Ez dakit, modak, merkatuak edo hedabideek horrela zabaltzen dutelako den, baina garaian garaiko izen handiko ikasketak egoten dira. Orain, adibidez, osasun zientziekin zerikusia duten guztiek indar handia dute. Duela 30 urte telekomunikazioa zen nota gehien eskatzen zutena; orain telekon oso nota baxuarekin sartzen zara eta osasun zientziekin lotutakoetan izugarrizko notak. Hoberena izango litzateke ordenatuago edo antolatuago egongo balitz.