Gimnasia erritmikoa

Iskizako gimnastak hirugarren mailara igo dira

Guaixe 2023ko eka. 13a, 12:00
Iskizako bi taldeak, Nafarroako taldekakoan txapeldunordeak. ISKIZA SAKANA

Berriki jokatutako Nafarroako Kirol Jokoen taldekako txapelketako bi faseetan egindako lana kontuan hartuta, Iskiza Sakanako kimuen eta kadeteen taldeak bigarren sailkatu dira

Ekainaren 3an Nafarroako Kirol Jokoen taldekako gimnasia erritmikoko txapelketako bigarren fasea jokatu zen Berriozarren. Iskiza Sakana klubeko bi taldek parte hartu zuten: kimuek eta kadeteek. Haurren mailakoak ezin izan zuen aritu.

Bigarrenak
Bi taldeak oso ongi aritu ziren. "Lehen fasean bigarren sailkatu izanaren urduritasuna nabaria izan arren, bi taldeek ikasturte osoan zehar ikasitakoa erakutsi zuten eta gogoz defendatu zuten bere ariketa" azaldu du Iskizan Sakana taldeko koordinatzaile Olaia Agirrek. Bigarren fasean kimuen taldea bosgarren sailkatu zen, eta kadete taldea bigarren. Bi faseetan egindako lana batuta, bi taldeak, kimuena eta kadeteena, bigarren sailkatu dira Nafarroako Kirol Jokoen taldekako gimnasia erritmikoko txapelketan. "Horregatik, mailaz igoko dira bi taldeak. Aurten laugarren mailan aritu dira, eta hurrengoan, aldiz, hirugarrenean lehiatuko dira. Beraz, hurrengo ikasturtea hasteko irrikaz gaude!" adierazi du Agirrek, pozik. Iskizako gimnastek denboraldi honetan izan duten bilakaera nabarmena da. "Entrenatzaileak ezin gara harroago egon".