Tenis pista eraikitzeko lanen deialdia egin du udalak

Guaixe 2023ko eka. 19a, 11:13

Altsasuko Zelandi kirol gunean eraikiko den tenis pistaren planoa. UDALA

Lanak hartzen dituen enpresak 75 egunetan egin beharko du obra.

Altsasuko Udalak Zelandi kirol gunean tenis pista bat egiteko kontratua emateko deialdia egin du. Haren aurrekontua 115.472,04 (BEZik gabe) eurokoa da. Enpresek eskaintzak aurkezteko epea hilaren 27ko 23:59ra arte dute. Jasotakoen artean kalitatearen eta prezioaren arteko erlazio onena duen eskaintzaren alde eginen du udalak. Lanak finantzatzeko udalak Nafarroako Gobernuaren aurtengo aurrekontuetan 146.410 euroko partida jasoko du, Geroa Bairen emendakina onartua izan ondoren. 

Udalak jakinarazi duenez, estali gabeko eta bere perimetroa hesituta izanen duen tenis pista eraikiko da 18,30 metro zabal eta 36,5 metro luze hartuko duena guztira. Hesi hori baimendu gabeko erabilera eragozteko da. Pistak argiteria propioa (8 metroko lau poste) eta euri urak jasotzeko azpiegitura izanen du. Porlanezko oinarri baten gainean tenisa praktikatzeko erretxina berezi bat zabalduko da. Pista horrek nazio lehiaketak hartzeko baldintzak beteko ditu. Zelandi kirol guneak kudeatuko du tenis pista eta biak lotzeko bidea eginen da, baina eskoletako patiotik ere sarbidea izanen du.