Mendi txirrindularitza

Altsasuko 26. BTT Zeharkaldia egin zen domekan

Iñaki Rubio Mendoza 2023ko eka. 14a, 09:09

455 lasterkarik korritu zuten Altsasuko 26. BTT Zeharkaldia; Etxarriko Haritzen Ibilbidetik ere igaro ziren

Urtero legez, 1996tik, Altsasuko BTT Zeharkaldia ospatu zen pasaden ekainaren 11an. 455 lasterkari aritu ziren Sakanako parajeetatik; Altsasuko Foru Plazan hasi zen eta Sozarretarantz jo zuten lehenik, San Pedrora joateko segidan. Urdiain, Iturmendi eta Bakaiku zeharkatu zituzten ondoren. 

Aurten, nobedade gisa, Etxarriko Haritzen Ibilbidea zeharkatu zuten, ehunka urteko haritz izugarrien artean galdu zirelarik. Osotara 52 km (1100 m desnibel+) egin zituzten ibilbide luzea hautatu zutenek, eta 43 (600 m desnibel+) motza korritu zutenek. Azkenik, Altsasura iritsi ziren, Basoitxitik.

Barranka Txirrindulari Taldeko Julian Claver oso kontent azaldu da, orokorrean bide onetik joan baitzen zeharkaldia. Ordea, bi erorketa izan ziren, eta Iruñera bidali behar izan zituzten plakak egitera, “badaezpada ere”. 

Halaber, aurreko edizioekin alderatuz jende gutxiagok hartu du parte, baina Claverren ustetan gustora ibii ziren, aglomeraziorik gabe. “700 pertsona izan ziren iaz, eta lasai bili ginen; aurten ia erdia, baina eroso ibili gara”.