Altsasuko Udaleko Gazteria Zerbitzuko arduradunak ikasturte honetan berriemaile izan diren gazteekin elkartu ziren hilaren zazpian. Zortzi berriemaile izan dira, bina ikastetxeko: Cristina Matias Tapia eta Jonathan Laura Pacifico (Sakana Lanbide Heziketa institutua), June Sanzol Lumbreras eta Enaitz Gonzalez Elbusto (Iñigo Aritza ikastola), Kimetz Arregi Martin eta Olaia Ferrero Marin (Altsasu Bigarren Hezkuntzako institutua), eta Anne Fernandez Garcia eta Eneko Horna Okariz (Sagrado Corazon ikastetxea). Kurtsoko azken bilera izan zen eta gazteek ikasturtean zehar egindako lanaren memoria emateko baliatu zuten. Zerbitzuko arduradunek, berriz, bakoitzari zegokion diploma eta dirusaria eman zieten. Hala ere, bi berriemaileren egitekoa oraindik ez da despeditu. Izan ere, Arregi eta Ferrero Palentzian izanen dira hilaren 23tik 25era, berriemaileen topaketan parte hartzen.
Bosgarren ikasturtea izan da Gazteria Zerbitzuak bere eta Intxostiapunta gazte gunearen berri emateko berriemaileak erabiltzen dituena. Haien egitekoa da sare sozialen bidez eta ikastetxeetako oholtzen bidez antolatutako jardueren berri ematea. Zerbitzutik jakinarazi denez, irailean 2023-2024 ikasturterako berriemaileak aukeratzeko prozesua abiaraziko du.