Institutuko ikasle ohien urrezko ezteiak

Guaixe 2023ko eka. 19a, 09:02

Ikaskide ohiek elkarrekin egun ederra pasa zuten. UTZITAKOA

Aralarko San Miguel institutuan batxilergo ikasketak 1973an bukatu zuten hogei bat ikasle ohik hilaren 10ean elkartu ziren.

Unibertsitatean Sartzeko Ebaluazioko (USE) probak egin zituzten hilabetearen lehen astean Altsasu Bigarren Hezkuntzako Batxilergoko 2. mailako ikasleek. Aurkeztutako guztiek gainditu zuten. Ikasle horiek jakinen ez dutena da Batxilergo ikasketak garai batean gaur egungo Lanbide Heziketa institutuan ematen zirela, eta zazpi ikasturte irauten zituztela; bost oinarrizko batxilergokoak eta bi goi batxilergokoak. Lehenengoa bukatutakoan Logroñon errebalida pasa behar zuten, egungo USE; bigarrenaren errebalida Zaragozan zen. 

Aralarko San Migel Institutua zuen izena ikastetxeak garai hartan. Duela 50 urte ikasketak despeditu zituzten hogei bat ikasle, atzera ere, larunbatean elkartu ziren. Washington, Galizia, Gipuzkoa eta Nafarroatik etorritako ikasle ohi gehienak dagoeneko jubilatuta daude. Ikastetxeko zortzigarren promoziokoak ziren, Goi Mailako Batxilergo Teknikoko Industria eta Meatzaritza adarra ikasi zuten azkenak. Ondorengo hezkuntza erreformak 14 urtera arteko Oinarrizko Hezkuntza Orokorra, hiru ikasturteko Batxilergoa eta ikasturte bakarra irauten zuen Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturtea ekarri zituen. 

Asteburuko topaketak hildako ikaskideez eta karismadun irakasleez gogoratzeko balio izan die. Baita ikastetxe izandakoa berriro zapaltzeko ere. 1956an zabaldutako ikastetxe hark Sakanaz kanpoko ikasleak ere hartu zituen eta haiendako egoitza zuen aldamenean, egungo Otadiko Kristo Deuna aterpea dena. Bi eraikinak bisitatu eta oroitzapenak berritu ondoren, kontu kontari jarraitu zuten mahai baten bueltan, bazkari ederrarekin eta ondorengo hizketaldi are luzeagoarekin.