Gure Eskuk Tourrean ikurrinak erakustera deitu ditu herritarrak

Guaixe 2023ko eka. 21a, 09:03

Gure Esku herri eta eskualdeetan taldeak aktibatzeko lanean ari da.

Euskal Herriko etapen hasieran eta bukaeran mila ikurrin erakutsi nahi dituzte. Bide bazterrera ere eramateko eskatu dute.

Frantziako Tourraren aurtengo edizioaren aurreneko hiru etapak Euskal Herrian jokatuko dira garilaren 1ean, 2an eta 3an. Mundu mailako kirol lehiaketa horrek Euskal Herria mapan jarriko du. Horretan ere ahaleginduko da Gure Esku dago. Eskualdez eskualde Euskal Herriak erabaki! bere egitasmoaren berri emateko eskualdeka aurkezpenak egiten ari da. Sakanakoa Altsasun egin zuen astelehenean eta Unai Jimenez Etxandiak eman dizkigu azalpenak. 

Jimenezek ekimena Gure Eskuren nazioartetzeko estrategiaren baitan kokatu du ekimena, "Euskal Herriak behar duelako kanpoko aitortza". Horretan aurreneko pausoa joan zen urteko Pirinioetako Bidea izan zen. Gure Eskuren aurreko ildoei jarraituz, "zazpi herrialdez osatutako herri bat gara. Hortaz, ideia nagusia da orain dauden errelatoei buelta ematea, eta nazioartean plazaratzea hemen mugek banatutako herri bat dagoela". Horretarako, Gure Eskuko kideen asmoa da Tourraren Euskal Herriko hiru etapen hasiera eta bukaera baliatzea. Jimenezek azaldu duenez, "etapa bakoitzeko lehen eta azken kilometroko bide ertzek ikurrinaz bete nahi ditugu. Zeresana emateko bai kazetarien, jendearen eta txirrindularien artean". 

Ikurrinez osatutako pasabide hori osatzeko Gure Eskuko kideek kalkulatu dute hasiera eta bukaera bakoitzean mila lagun beharko dituztela, "bostehun pertsona errepidearen alde batean eta beste horren beste beste aldean". Jende asko behar dutenez, "garrantzitsua da herriak mugitzen hastea". Ekimenarekin bat egin nahi dutenek Gure Eskuren web orrian (https://labur.eus/jdng3) izena eman beharko dute. "Han zentralizatuko ditugu izen emate guztiak", azaldu du Jimenezek, gaineratu duenez, "oraingoan eskualde bakoitzak ez du toki batera joan beharrik izanen. Sinplifikatu egin dugu eta bakoitzak nahi duen puntura joateko ahalmena izango du. Izena emateko epea ia-ia etapak hasten diren arte zabalik egonen da. Lehentxeago itxiko dugu". Tourra jokatzen den egunetan, lasterketa pasako den errepideak lau ordu lehenago itxita egonen dira. Etapa hasiera eta akaberetara iristeko aplikazioa aterako dutela gaztigatu du Gure Eskukoak. "Eskualdeetan autobusak antolatzeko gaitasuna balute, autobus horiek sartuko genituzke izena emateko aplikazioan eta bertatik ere zentralizatu kudeaketa hori".

Jakinik airetik ateratako irudiak deigarriak direla eta antolatzaileei asko gustatzen zaiela, "arreta pizteko" Gure Eskukoek ikurrina erraldoi bat mugituko dute batetik bestera Tourra Euskal Herrian den bitartean. Harekin batera, beste ikurrina handi batzuk ere baliatuko dituzte. Horiek ere batetik bestera mugituko dituzte Gure Eskuko kideek. 

Hamar urte 
Gure Eskuk hamar urte bete berri ditu eta Jimenezek azaldu duenez, “aro berri honetan etorkizunaren lema hartu genuen. Lehenago bezala aurrera begira gabiltza orain ere, baina, berriz ere, aktibazio prozesu horretan”. Erabakitze eskubidea eskubidea gizarteratzeko eta gauzatzeko ahalegina egiten ari da Gure Esku eta Jimenezen iritziz, “pitteka-pitteka fruituak ematen ari da. Ikusi ditugu mugimenduak baita ere politikarien aldetik. Baina hau epe ertain edo luzerako erronkak dira. Horiek bete egin behar dira ekin eta ekin. Gainera, jendea ahalduntzen ari gara, azkenean eskakizunak aurrera emanak izateko”. 

Gure Esku dago zergatik jarraitu behar duen galdetuta, Jimenezek azaldu duenez, “nazioartean ikusten ari garen bezala, herri mugimenduak oso inportanteak dira erabakitzeko eskubidearen inguruko prozesua aurrera eramateko. Bai Irlandan bai Eskozian, hemen ere ikusten ari gara, Katalunian ikusi dugu. Beraz, gure betebeharrarekin segi behar dugu. Azkenean, noizbait, iritsiko da eguna”.