Lehenengo sekuentziak

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko eka. 21a, 13:27
Joseba Salegi zinemagile altsasuarra, ezkerretik bigarrena, Patxi Bisquert eta Txepe Lara. UTZITAKOA

Patxi Bisquerten proiektuak aurrera darrai. Auzolanean ekoizten ari dira Pedro Mari Otaño bertsolariaren inguruko filma. Joseba Salegi altsasuarra da zuzendari laguntzailea. Lehenengo sekuentziak grabatu dituzte, eta udazkenean errodajearekin jarraituko dute.

"Lan talde murriztu batekin lanean ari gara eta, egia esan, oso ongi atera zen grabazioa. Pentsatutakoa baino hobe". Etorkizuneko lanerako "ongi" doazela esan du Patxi Bisquert Ombuaren itzala filmaren proiektuaren sustatzaileak eta zuzendariak, "planifikazioa ongi egina dago". Pedro Mari Otaño bertsolariaren azken hogei urteak kontatuko ditu filmak, Euskal Herrian eta Argentinan bizi izan zeneko garaia, hil zen arte. Filmaren lehenengo grabazioak Donostiako Orfeoiarekin egin zituzten, "filmean bi minutu baino ez dena izango", eta lan taldean "harmonia" dagoela ikusi ahal izan zuten. Bisquerten ondoan Joseba Salegi zinemagile altsasuarra egongo da filma zuzentzen. Ekoizle taldea, aldiz, Euskal Herriko gizartea izango da, proiektua auzolanean ari direlako finantzatzen.

Joseba Salegi zinemagilea duela bost bat urte sartu zen proiektuan

Salegik "bost urte inguru" daramatza proiektuan sartuta, ia hasieratik. "Hasieran plangintzan laguntzeko eskatu zidan Patxik, eta pixkanaka geroz eta gehiago inplikatu naiz". Zuzendari laguntzaile bezala hasi zela kontatu du Bisquertek: "Zuzendaria Joseba Mazias izan behar zen, baina zoritxarrez hil zen. Ondoren Eriz Zapirainen kontaktua eman zidaten, eta hasieratik Salegi zuzendari laguntzaile izango zela ikusi nuen". Baina azkenean Zapirain ez da zuzendaria izango, "eta urratsa erraza zen, ez zen gehiago bilatu behar". 

Orfeoia emanaldiekin hasiko da eta ondoren "harrapatzea" zaila izango delakoan egin zituzten filmaren lehenengo grabazioak taldearekin. Baina egun solte bat grabatzeak "asko" garestitzen duela aitortu dute. "Horregatik erabaki dugu errodajea jarraian egitea". Beraz, grabazioak udazkenerako atzeratu dituzte, "urrats seguruak eman nahi ditugu eta finantziazioa ongi itxita izan nahi dugu". Argentinara joango dira ombua zuhaitza, panpa, Laurak bat espazioa eta frontoia eta abar grabatzera. Benetako gauchoak eta talladoreek parte hartuko dute ere, bertako bertsolariek. Ondoren, errodajeak Nafarroan jarraituko du: Etxalarren, Beran, Lesakan, Utergan, Ziraukin eta Lizarran. Dagoeneko lokalizazioak itxita dituztela azaldu du Salegik, "eta egia esan lokalizazio politak lortu ditugu". Otañoren Argentinako etxea, esaterako, Utergan aurkitu duten XIX. mendeko etxe bat izango da. Kastina ere itxita dute; besteak beste, Joseba Usabiaga izango da Otaño.

Koldo Izagirrerekin gidoia egiteko eskatzeko bildu zenean Bisquerten hamabi urteko alaba oraindik jaio gabe zegoen. Hamabi urte inguru daramatza zinemagileak, beraz, proiektua prestatzen. "Hasieran ideia zen pelikula konbentzional bat egitea, baina antza denez Pedro Mari Otaño jende gutxiri interesatzen zaio, niri eta ni bezalako eroren bati. Ate guztiak ixten zirela ikusita, urteak eta urteak pasa nituen ekoiztetxea bilatzen eta ez nuen bat bera ere aurkitu, EITBko dirulaguntzetara aurkeztu nuen Txepe Lararekin eta ezezkoa izan zen ere". Etxera bueltatzen ari zela erabaki zuen auzolanean egingo zuela, "1960ko hamarkadan Amalur egin zen bezala; euskal gizarteak dirua emango zuen, auzolanean ekoiztuta". 

Ekoizleak
Auzolanaren ideia prestatzen hasi zen: "Horrek suposatzen zuen produkzio kosteak jaitsi behar zirela eta film xumeago bat egin behar zela, talde txikiago batekin". Baina beste alde batetik ateak irekitzen direla azaldu du Bisquertek: "Gutxienez, 300 pantailetan ikusiko da filma". 1980ko hamarkadan euskal zinema 150 zinema aretoetan ikusten zen. Orain, Handiya bezalako film bat, Goya sarietan arrakastatsua izan zen, 50 pantailetan eman dutela esan du Bisquertek, "horrek esan nahi du geroz eta gutxiago ikusten dela euskal zinema". Kalitatea badago, dirua inbertitzen da, baina gero ez zaio ikusentzuleari iristen. "Aretoak desagertu direlako eta plataformek zinemari lekua kendu diote. Orain etxean ikusten da dena". Bisquerten nahia zinema berriz sozializatzea da: "Auzolanarekin zinema iristen ez den herrietara irits gaitezke. Arakil, esaterako. Arakilgo Udala auzolanean sartu da, eta, beraz, filma Arakilen ikusiko da". Proiektuan parte hartu duten ehun bat udalerri, ehun bat ikastola, eskola eta institutu, elkarteak eta abarretan ikusiko da filma. 

Auzolanean parte hartzeko eta ekoizle bihurtzeko alde batetik udalen, elkarteen eta abarren aportazioak daude, eta, bestetik, norbanakoek Ombuaren itzala filmaren sarrerak eros ditzakete, hamar eurotan, proiektuaren aurkezpena egin den tokietan baita pellomariotañoauzolana.eus webgunean ere. Denek oparia jasoko dutela azaldu du zinemagileak; alde batetik, erakundeek proiektuaren nondik norakoak, filmazioaren inguruko informazioak eta filmaren pendrivea jasoko dute eta sarrerak erosi dituztenek filmaren kartela jasoko dute non ekoizlea pertsona hori izan dela agertuko den. Grabazioarekin jarraitu aurretik hainbat aurkezpen egingo ditu Bisquertek, eta Sakanan Lakuntzan eta Etxarri Aranatzen egiteko falta zaiola esan du. Bestetik, sarrerak ikastetxetan salgai daude. 

'Ombuaren itzala' filmak Otañoren bizitza kontatuko du, bertsolariaren obraren bidez

"Uste dut herri honek film hau zor diola Otañori. Ahazturarekin ordaintzen ari zaio. Bera bezalako pertsona bat ahaztuta egotea ez da normala". Filmak 1890 eta 1910 urte bitarteko garaia erakutsiko du, euskal kulturaren berpizkunde bat izan zenean: "Foruen erorketaren ondoren aldaketen erreferente izan zen Otaño, 1950 eta 1960ko garaian Oteiza izan zen". Sekuentzia batean, azaldu du Bisquertek, Txirrita eta Otaño agertzen dira, karlista bat eta liberala bestea, eta Otañok Iparragirreri eta Gernikako Arbolari buruzko bertsoak txalotzen dizkio: "Esaten dio liberala dela eta txalotu duela. Txirritak esaten dio karlista edo liberala ideia horiekin ez doazela inora. Ideia berriak behar dituztela".  

Filma biopic bat izango da. Otañoren bizitzaren "atalak" kontatuko ditu, bere obraren bidez, Salegik azaldu duenez. Pertsonaia egongo da erdian, eta ez dute dramatismoa bilatuko, baina bertsoek garrantzia hartuko dute, eta "hunkigarria" ere izango da. Obraren bidez, beraz, bertsolariaren garapen pertsonala eta politikoa ikusi ahalko da: "Transformatu zen. 1989an Kubako gure anaiei deitutako bertsotan Espainiako tropak goraipatzen ditu, eta ideia berriak hasten direnean txipa aldatzen zaio eta bost urte beranduago Zazpiak bat idazten ari zen". 


Orfeoiarekin grabatutako sekuentzia.