Josefina Arregi klinikak 25 eta 30 lanpostu artean sortuko ditu

Guaixe 2023ko eka. 22a, 10:01

Joseba Arregi, Mikel Irujo eta Angel Gardachal Josefina Arregi klinikako eguneko zentroa egokitzeko lanak bisitatzen.

Plantilla handitzea Eguneko Zentroa eraberritzeko eta Akutuen Ospitalizazio Unitatea handitzeko 2,3 milioiko inbertsio planaren barruan kokatzen da. Sodenak, Elkargik, Caixabankek eta Laboral Kutxak babestu dute proiektua.

Altsasuko Josefina Arregi klinikak 30 lanpostu sortzea aurreikusten du, abian jarri duen inbertsio-planaren bidez. Plantilla %50 handitu da, 60 soldatapeko izatetik 90 izatera igaro baita. Laneratze prozesua amaituta, lantaldearen ia %100 osasun langileak izango dira, eta emakumeen enplegua guztizkoaren %90 izatea aurreikusten da.

Ekonomia eta Enpresa Garapeneko jarduneko sailburu eta Sodenako presidente Mikel Irujok zentroa bisitatu zuen atzo. Izan ere, Sodenako kontseiluak klinikaren inbertsio planari finantza laguntza ematea onartu du. Planak bi jarduera nagusi aurreikusten ditu, 2,3 milioi euroko inbertsioarekin: Eguneko Zentroaren erreforma integrala eta handitzea eta Akutuen Ospitalizazioko Unitatearen handitzea. Horrekin, zentroaren gaitasuna eta zerbitzuak hobetuko dira. Nafarroako Gobernuaz aparte, Elkargik, CaixaBankek eta Laboral Kutxak ere parte hartzen dute finantza-laguntzan.

Sodenak eta Elkargik % 50ean hartuko dute parte erakunde abal-emaile gisa, eta CaixaBankek eta Laboral Kutxak, berriz, % 50ean.