Udalak 138.000 euroko balioko lanak eman nahi ditu

Guaixe 2023ko eka. 27a, 11:11

Aparkalekua hartuko duen partzela Lanbide Heziketa institutuaren ondoan dagoena da. ARTXIBOA

Tartean Lanbide Heziketa institutu ondoko aparkalekua egiteko lanak daude. Lanak egin nahi dituenak eskabidea garilaren 4ko 23:59ra arte aurkez dezake.

Altsasuko Udalak 138,161,52 euroko (BEZik gabe) aurrekontua duten lanak emateko deialdia egin du. Lanak hartzen dituen enpresak Sakana Lanbide Heziketa institutuaren iparraldean aparkaleku publikoa eginen du. 1.016,44 metro karratuko partzela bat egokituko du 35 ibilgailuk aparkatzeko prestatuz. Zorua asfaltozkoa izanen da, dagokion seinaleztapena izanen du, euri ura jasotzeko sarea eta argiteria publikoa. 

Zelai kaleko 94 eta 96 zenbakien artean dagoen kalexka zolatuko du udalak. Josefina Arregi klinikaren ondoan dauden pabiloietarako sarbidea eskatu du haren jabeak. Asfaltatze lanak egin aurretik baimenik ez zuen txabiske bat bota zuen udalak eta orain 125 m2 zolatu nahi ditu pabiloirako sarbide egokia izateko. Horrekin batera seinaleztapena jarriko du. Bestetik, Iruñea etorbideko 1. zenbakiaren pareko espaloian hainbat baldosa hautsita eta laso daude. Horrek handik ibiltzea zailtzen du. Horregatik, baldosa berriak jarriko dituzte. Garajerako sarbidean  dauden pieza batzuk ere aldatuko dituzte. 

Zumalakarregi plazako jolas parkearen ondoan dauden bi berdegune txikiak kenduko dira, dagoen ureztatze sistema askotan hondatuta dagoelako, ez duelako esperotako emaitzarik eman eta kalte egiten diolako haurren jolas parkeari. 90 m2-ko berdegunea eta ureztatze sistema kenduko dira, zuhaitzak mantenduz, eta gainontzekoa baldosekin estaliko da. 

Zebrabideak 
Sakana Lanbide Heziketa institutuaren parean dagoen zebrabidea eta Zelandi eskola publikoaren parean dauden zebrabideak, atzera ere, gorriz eta txuriz margotuko dira. Bestetik, San Joan kalearen eta autobiarako sarbide-irteera bidegurutzetik gertu dagoen zebrabidearen ertzetan mozketak eginen dira euri ura jasotzeko kanalak jartzeko. Horrela, zebrabide ondoan ura pilatzea saihestuko da eta bere bidean jarraituko du. Zebrabide hori ere txurigorriz pintatuko dute berriro ere. Altzania kalean, Erkuden kaleko bidegurutzetik gertu, zebrabidea eta espaloia ez daude maila berean alde batean eta horrek mugikortasun arazoak sortzen ditu, esaterako, gurpildun aulkian joaten direnei. Horregatik, dagoen espaloiari altuera eman, dagoen zebrabidea fresatu, euri ura jasotzekoak jarri, asfaltoz zebrabide goratua egin eta margotuko da. 

Azkenik, Zelandi eskola publikoak eskatuta, Zelai txiki kaletik pasatzen diren ibilgailuen abiadura moteltzeko konkor bat edo "mando-bizkar" erako abiadura murriztaile bat jarriko du udalak.