Udalari kultur eskaintza euskalduntzeko eskaera egin diote

Guaixe 2023ko eka. 26a, 10:01
Ekimeneko kideak udaletxera sinadurak eramaten. UTZITAKOA

Altsasun kultura euskaraz ainguratu gura ekimeneko kideek jaso dituzten bostehunetik gora sinadura udaletxean aurkeztu dituzte. Herriko kultur eskaintzan euskarak presentzia handiagoa izatea eskatu dute.

"Hastear den legegintzaldi honek balio dezala altsasuar euskaldunon eskubideak bete eta herrian euskara sustatzeko helburuz hitzetatik ekintzetara pasatzeko". Helburu horrekin Altsasun kultura euskaraz ainguratu gura ekimeneko kideek jaso dituzten bostehunetik gora sinadura udalean aurkeztu hilaren hasieran. Sinadura horien babesarekin, ekimeneko kideek hiru eskaera egin dizkiote udalari. Alde batetik, haurrei eta gaztetxoei zuzendutako kultur ekitaldien %100 euskaraz izatea. Beste alde batetik, helduei zuzendutako programazioaren %25 gutxienez euskaraz izatea. Eta, azkenik, udalaren euskarazko kultur eskaintza urtetik urtera handitzeko plangintza bat osatzea. 

Altsasun kultura euskaraz ainguratu gura ekimeneko kideek gogorarazi dutenez, "hainbat herritarrek Altsasuko Udalaren euskarazko kultur eskaintzarekin kezkatuta gaude. Eta, kezka horretatik abiatuta, zenbait guraso eta gazte elkartu ginen. Guztien artean urte hasieran sinadura bilketa bat abian jarri genuen Altsasun". Haren helburua zen "udalaren kultur eskaintza euskalduntzeko" babesak batzea, eta, aldi berean, gaur egungo egoera jendartean agerian uztea.

Ekimeneko kideek azaldu dutenez, "gaztetxo eta haur ia guztiak euskaldunak badira ere, haiei zuzendutako kultur ekitaldi asko gaztelaniaz dira oraindik. Zer esanik ez helduoi zuzendutakoak". Nabarmendu dutenez, "aisiak euskararen erabileran duen garrantziaz jakitun, kultur arloak eragin nabarmena izan dezakeela iruditzen zaigu. Hori dela eta, Altsasuko Udalari euskarazko eskaintza bermatu eta sustatzea dagokio".

Altsasun kultura euskaraz ainguratu gura ekimeneko kideen iritziz, "azken legegintzaldian ez da aurrerapausorik eman. Iortia kultur gunean, esate baterako, euskararen presentzia eskasa izan da". Ekimeneko kideen iritziz, "Altsasuko Udalaren partetik apustu falta dago horren atzean". Eta gaineratu dutenez, "euskarazko ikus-entzunezko gutxi ekartzea gutxi balitz, gainerako herrietan euskaraz eskaini izan dutena gurean gaztelaniaz eskaini izan dute behin baino gehiagotan".