Astekaria

Udako festetan ere eraso sexisten kontra

Guaixe 2023ko eka. 26a, 14:00

Udal ordezkariak eta teknikariak kanpainaren aurkezpenean.

Sakanako Mankomunitateko eta Altsasuko Udaleko Berdintasun Zerbitzuek kanpaina bateratua egin dute. Gainera, festa eta festa guneetan eraso sexisten prebentzio eta arreta protokoloak bateratu eta landu dituzte.

Aurtengo udako eraso sexisten kontrako kanpainak bi lelo izanen ditu. Alde batetik, Jarain! Eraso sexistarik gabe Sakana libre! Lema hori Sakanako ia herri guztietako festetan indarkeriaren kontrako irudi bateratuarekin jendarteratuko da. Altsasun, berriz, leloa Zure ardura da izanen da. Aizaga Zeberio Petriatik, Altsasuko Udaleko berdintasun teknikariak azaldu duenez, "bi leloak elkarren osagarriak dira". Zeberiok gaztigatu duenez, "kanpainak dituen bi helburu nagusiei erantzuten diete. Bata da, festa egun eta eremuetan emakumeenganako erasoen aurka herritarrak sentsibilizatzea. Eta, bestea, errealitate horren aurrean, instituzio eta jendarte osoaren ardura eta konpromiso irmoa adieraztea".

Aipatutako leloak hainbat modutara zabalduko dituzte. Ohiko kartel eta pankartez aparte, ibarreko herri guztietako udal ordezkari eta herritarrek parte hartzen duten hiru bideotan ikusgai izanen dira. Garagartzaroaren 23an zabaldu duten bideoan sanjoanak eta sanpedroak ospatzen dituzten herrietako jendeak izanen dira protagonistak. Garilean festak ospatzen diren herrietakoak izanen dira bideotako protagonistak eta agorrila bukaeran zabalduko dutenean irailean festak dituzten herrietako biztanleen txanda izanen da. 

Horretaz aparte, festarik festa informazio gune ibiltaria izanen da. Horren bidez, "indarkeria sexistaren prebentzioa eta sentsibilizazioa landuko da", azaldu du Zeberiok. "Helburu nagusia erasoen gaineko informazioa ematea eta horiei aurre egiteko tresnak eskaintzea da", gaineratu du teknikariak. Emagin elkarteko formatzaileak izanen dira herrietan hainbat orduz argibideak emanen dituztenak.

Ostalaritza
Kanpainaren baitan, azkenik, eraso sexistei aurre egiteko jarraibideak ikusgai jarriko dituzte txosna eta tabernetan, "herritar guztiek jakin dezaten nola jokatu erasoen aurrean", argitu du Mank-eko berdintasun teknikari Oihana Gallo San Romanek. Gaineratu duenez, "tabernari eta txosnetako langileendako irizpide espezifikoak landu ditugu, eta indarkeria sexistari buruzko formazio saio bat eginen dugu garilaren 12an. Horregatik, tabernetako langile eta txosna guneetako parte-hartzaileak saio horretan parte hartzera gonbidatzen ditugu. Goizeko edo arratsaldeko saiora joateko aukera izanen dute". 

Bi ordu iraunen duten saio horietan parte hartzen dutenei, alde batetik, indarkeria matxistari lotutako hainbat kontzepturen arteko desberdintasuna azalduko zaie. Bestetik, indarkeria matxistaren zenbait dimentsioren berri emanen diete: zuzeneko indarkeria,egiturazko indarkeria eta indarkeria sinbolikoa. Horrekin batera, saioan festetan izaten diren eraso matxisten inguruko zurrumurruak eta mitoak deseraikitzeko gakoak azalduko dira eta, azkenik, kasu praktikoen gaineko lanketa eginen dute. Hau da, eraso baten aurrean nola jokatu aztertuko dute. Horretan gakoa da emakumezkoen ahalduntzea eta ardura kolektiboa. Saioak berdintasun teknikariek eta Emagineko kideek emanen dute. Esan bezala bi ordutegi daude aukeran: 10:00etatik 12:00etara edo 15:30etik 17:30era. Izena eman nahi dutenek berdintasuna@sakana-mank.eus edo berdintasuna@altsasu.net e-posta helbideetara idatzi dezakete. 

Protokolo bateratua 
Zenbait herrik aurretik bazituzten festa eta festa guneetan eraso sexisten prebentzioa eta arreta protokoloak. Gallok azaldu duenez, "aurten Sakanan Protokolo bateratua landu da. Helburu orokorra da ibarreko herrietako festetan gertatzen diren eraso sexisten aurrean, jarduketa bateratu eta koordinatua egituratzea, Mankomunitateak eta Udalek ematen duen erantzuna hobetze aldera". Gallok azaldu duenez, hiru helburu zehatz ditu. Aurrena, "eraso sexistekin lotutako prebentzioari, sentsibilizazioari, arretari eta komunikazioari dagozkien prozedurak sistematizatzea eta adostea". Bigarrena, "festa guneetan eraso sexistei aurrea hartzea, ekiteko tresna eta estrategien bitartez". Eta, atzena, "herritar guztiei jakinaraztea emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko erantzukizuna".

Protokoloa kudeatzeko bi gune daude, alde batetik, festetako eraso sexistak prebenitzeko mahai iraunkorra dago. Bertan Berdintasun batzordeak eta antolatuta dagoen herrietan mugimendu feministak parte hartzen dute. Bestetik, eraso sexisten aurrean erantzuteko mahaia. Horren bueltan udal ordezkariak, Mank eta antolatuta dagoen herrietan mugimendu feministak parte hartzen dute. 

Informazio guneen egutegia

Garagartzaroa 24 larunbata
12:00 - 15:00

Uharte Arakil.

Garagartzaroa 26 astelehena
19:30  - 22:30

Arbizu.

Garagartzaroa 30 ostirala

Arruazu.

Garila 5 asteazkena
19:30 - 22:30

Urdiain.

Garila 14 ostirala
19:30 - 22:30

Iturmendi.

Garila 20, osteguna
19:30 - 22:30

Irurtzun.

Garila 24 astelehena 
20:00 - 23:00

Bakaiku.

Garilak 28, ostirala
19:30 - 22:30

Olatzagutia.

Garila 29 larunbata
20:00 - 23:00

Etxarri Aranatz.

Agorrila 26 larunbata 
20:00 - 23:00

Lakuntza.

Agorrila 28 astelehena

Irañeta.

Iraila 8 ostirala

Arakil.

Iraila 9 larunbata
20:00 - 23:00 

Ziordia.

Iraila 15 ostirala
19:30 - 00:00

Altsasu.