Iruñeko etorbidea utzi gabe, Mutua Navarrak bere Altsasuko egoitza kale horretako 20. zenbakitik 1era aldatu du. Ilbeltzean hasitako lanak dagoeneko despeditu dituzte. Egoitza berriak bi mediku kontsulta, erizaintzako kontsulta bat, X izpien gune bat, punta puntako ekipoak dituen errehabilitazioko gimnasio bat eta mutuako langileendako eremu administratibo bat ditu. Enpresatik azaldu dutenez, lehendik daudenei mediku, erizain eta administrazioko langileei fisioterapeuta bat gehituko zaie.
Erakundeko zuzendari gerente Juan Manuel Gorostiagak nabarmendu duenez, "Altsasu eta Sakanako inguru guztia apustu garbia izan da beti erakundearendako, eta horren adibide da gure lehen egoitza 2007an ireki genuela, zerbitzua eskualdeko gure bazkideengana hurbilduz". Azaldu duenez, egoitza aldaketaren arrazoia da 15 urte baino gehiagotan erabili dutena txiki gelditu zitzaiela. Altsasuko egoitzako zuzendari Javier Morionesek esan duenez, "Mutua Navarratik gure enpresa elkartu guztiei laguntzen jarraitu nahi diegu bertako langileen lan osasunaren kudeaketan".