Sodenako kontseiluak Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoaren inbertsio planari finantza-laguntza ematea onartu du. Plan horrek 2,3 milioi euro pasako inbertsioa eskatzen du. Nafarroako Gobernuak ez ezik, Elkargik, CaixaBankek eta Laboral Kutxak ere parte hartzen dute inbertsio-plan horren finantza-laguntzan. Aurreneko bi erakundeek %50ean hartuko dute parte erakunde abal emaile gisa, eta atzeneko biak, berriz, %50ean funtsak emanen dituzte.
Klinikako zuzendari gerenteak, Angel Gardachal Ausejok azaldu zuenez, "dagoeneko hasiak diren eguneko zentroa handitzeko eta eraberritzeko lanek 400.000 euroko (%15) aurrekontua dute". Lan horiek finantzatzeko crowdfunding kanpainan jasotako dirua eta Europako Next Generation funtsetik jasotako dirulaguntza erabiliko dute arduradunek. "Gainontzeko 1,8 milioi euroak (%80) ospitalerako da (proiektua, gauzatzea eta langileen lanbide heziketa). Gainera, klinika guztirako 100 kW-eko aerotermia instalazio bat ere jarriko dugu, 120.000 euroko aurrekontua duena".
Gardachalek jakinarazi zuenez, "aipatutako finantzaketa proiektutik kanpo, eta klinikaren 2019-2023 Estrategia Planean hasitako jasangarritasunaren eta ingurumenaren hobekuntzaren aldeko apustu irmoan, egungo instalazio fotovoltaikoa handituko dugu; 40kwp izatetik 100kwp izatera pasako gara. Horrek gure energia sortzea ahalbidetuko du, sare elektrikoarekiko independentzia maila altua lortuz". Gerenteak azpimarratu zuenez, "obrak gauzatzean material ekologikoak eta passivhaus eraikuntza estandarra erabiltzea aurreikusi dugu".
Inbertsio proiektua gauzatzean, klinikako plantilla 25 edo 30 pertsonatan handitzea aurreikusi dute, eta 2024ko uda baino lehen osatzea. Horrela, zentro psikogeriatrikoa 60 pertsonatik 85-90 langilera igaroko da, eta horietatik ia %100 osasun-langileak izango dira, eta emakumeen enplegua guztizkoaren %90 izango dela aurreikusten da.
Klinikaren ospitalea handitzean hamar ohe gehiago izanen dira, 21 ohetik 31ra pasaz. Osasun Departamentuarekin ituna zabaltzeko konpromisoa lotua du klinikak, eta, horretan oinarritu da inbertsio plana.