Ohiturari jarraiki, ekainaren 29an, osteguna, altsasuarrek San Pedro eguna ospatuko dute, sanpedrozelain. Altsasuko Udalak jakinarazi duenez, eguraldi txarra izanez gero erromeria Burunda pilotalekuan ospatuko da. 10:30etik aurrera sanpedrozelairako sarrera Urdiainik eginen da, eta mugikortasun mugatua dutenei zelaira autoz iristea bermatuko zaie. Aparkalekuak Dantzalekuko igerilekuetan eta futbol zelaian egonen dira; debekatuta egonen da errepide bazterrean aparkatzea.
San Pedro eguna ingurune naturalean ospatzen denez, hura zaintzeko mezua zabaldu du udalak: zabor ontziak eta kontainerrak kanpa guztia zehar egonen dira, komun kimikoak egonen dira, txosnetan edalontzi birziklatuak erabiliko dituzte eta suak partekatzen saiatzea eskatu du udalak ere. Bestetik, debekatuta daude suziriak, petardoak, kristalezko objektuak, ziztatzaileak edo sukoiak. Festaz gozatu ahal izateko arduraz kontsumitzeko deia egin du udalak, baita festak berdintasunean ospatzea ere eskatu du, etxeko eta familiako ardurak denon artean banatuz eta ezezkoa beti ezetz dela mezua zabalduz.
San Pedro eguneko egitaraua
Ekainak 29 osteguna
10:00 Udalbatza Altsasuko Txistulariekin batera, San Pedro zelaira abiatuko da.
10:45 Auzatea eta zortzikoa.
14:30 Bazkariak.
17:00 Udalbatzaren agurra zelaian barrena eta puruen banaketa.
20:00 - 22:00 / 00:00 - 02:30 Joselu Anaiak taldearekin dantzaldia, Foru plazan.