Iortiako estalpeko lanak despeditu dituzte

Guaixe 2023ko eka. 26a, 10:31

Estalpea egiteko lanek 473.195,1 euroko -BEZik gabe- aurrekontua izan dute. Nafarroako Gobernuak 300.000 euro ordaindu ditu eta Altsasuko Udalak gainontzekoa. 

Ekainaren 19an azken lan tresnak jaso zituzten langileek eta orduz geroztik erabilgarri dago Altsasuko estalpea. Abenduaren 20an hasi ziren egur laminatuzko egitura jasotzeko lanak. Herri bozketan Francesca Fiorelli arkitektoaren Hiriko zuhaitza proposamenaren alde egin zenetik, proiektuan aldaketak egin behar izan ditu Altsasuko Udalak. Izan ere, azaldu zutenez, Ukrainiako gerrak prezioen inflazioa ekarri zuen eta ezinezko bihurtu zuen aurreikusia zegoen altzairuzko egitura egitea. Bestetik, sabaiko argizuloen kopurua murriztu zen eta haietan beira beharrean polikarbonatozko plakak jarri dira argia pasatzen uzteko. Sabaian eguzki argia sartzeko zortzi argizulo borobil ditu. Horiek eta sabaian barna dauden beste borobil batzuek LED argiak dituzte, argiteria publikoarekin batera pizten direnak

Estalpeaz
Kultur gunearen fatxadarekiko paraleloki lerrokatzen da, 7,5 metrora, eta haren iparraldeko fatxadara egokituz. Kultur guneko sarreraren hegoaldeko izkinaren parean kokatuko da Hiriko zuhaitzaren enborra eta hura ardatz hartuta, modu erradialean bederatzi zutabe daude plazan barna banatuta. Zutabeen banaketa erradial horregatik estalpearen zabalera aldatuz doa eta kultur gune parean du bere alderik luzeena proposamen horrek: 48 metro. Bakea kalera jotzen duen aldeak 31,75 m luze ditu. Alderik motzena, 16 m-koa, lokomotor trenaren parekoa da. Guztira 730 m2-ko azalera du.