Nafar Lansarek eta Nafarroako Gobernuko Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiak, Sunsundegui karrozeria enpresarekin batera, lanbide profilak hautatzeko eta prestatzeko programa bat jarri dute martxan. Haren helburua da Sunsundeguik langile kualifikatuak kontratatzea, Volvo proiektuaren esleipenak dakartzan langile beharrei aurre egin ahal izateko.
Zehazki, eskatutako lau lanbide profiletarako (elektrizitatea, pintura, soldadura eta muntaketa) langileak biltzen hasi dira, Nafar Lansarek Altsasun eta Iruñean dituen bulegoen bidez. Interesa duten guztiek izena eman dezakete Nafar Lansarek berak emandako bitartekoen bidez eta curriculum vitaea bidali elektrizitate, pintura, soldadura eta muntaketa espezialitateetako bakoitzerako gaitutako esteken bidez.
Prestakuntza
Aldi berean, prestakuntzako programa batzuk prestatzen ari dira, Nafarroako Gobernuaren hainbat instalaziotan garatzeko asmoa dutenak, eta agorrilaren akaberan hasiko dira aurrez hautatutako pertsona guztiekin.
Kontratazio konpromisoa duten prestakuntza teoriko praktikoak dira, eta hautatutako pertsonak Sunsundeguiko produkzio prozesuan behar bezala integratzea ahalbidetuko dute. Nafarroako karrozeria enpresak lanbide prestakuntzako programa bukatu eta berehala egingo ditu laneratzeak, eta, beraz, curriculuma garila baino lehen bidali duten interesdunek lehen langile hautaketaren parte izanen dira.
Elkarlanean
Ekonomiaren eta Enpresen Garapeneko Departamentua, SODENA bitartez, koordinatzen ari den lankidetza publiko-pribatuaren esparruan definitutako jardueretako bat da hori. Bestalde, NASUVINSA sozietate publikoa lurrak eta instalazioak aztertzen ari da. Eta elkarlanaren hirugarren ildoa da aurreikusitako ekoizpena handitzeko finantza laguntzarena.
Sunsundeguik aurreakordio historiko bat sinatu zuen joan den maiatzaren 4an Volvo Busekin, zeinaren bidez bere gain hartzen duen 2024tik aurrera automozio fabrikatzaile suediarraren azken belaunaldiko bi autobusen fabrikazioa (gama altuko 9700 eta 9900 modeloak). Volvo busekin egindako akordioaren arabera, Sunsundeguik bere instalazioak eta plantilla egokitu behar ditu bien arteko akordioak aurreikusten duen teknologia- eta hornidura-transferentziarako.
Nafarroako Gobernua, Sunsundegui eta Volvo Bus elkarlanean ari dira Nafarroako Foru Komunitatearentzat estrategikotzat jotzen den proiektu batean.