Heteroarauaren egiturak desegiteko deia egin dute

Guaixe 2023ko uzt. 4a, 09:01

LGTBIQ+ askapenaren egunean Errafailak-ek deitutako kontzentrazioa.

Transmaribibolloek ardura eta erantzukizun indibidual eta kolektiboan oinarritutako konpromisoa eskatu dute, garagarrilaren 28an, LGTBIQ+ askapenerako nazioarteko egunean.

Errafailak-ek LGTBIQ+ askapenaren nazioarteko egunean, garagarrilaren 28an, kontzentrazioa egin zuen Altsasuko udaletxe parean. Azaldu zutenez, "erabaki bat da sexu disidentea izatea. Erabaki multzo bat eta praktika multzo bat. Zer, nola, norekin, noiz, zenbat, zergatik, nondik, nora... Etengabe galdera horiei erantzuna eta kausa bilatzea, eta, ahal bada, topatzea. Etengabe desirak zalantzan jartzea, eta desirak bezala, kategoria, identitatea eta generoa". Gaineratu zutenez, haiendako sexu disidentzia, "sistema heteropatriarkalari eta heteroarauari bide disidente bat eraikitzeko tresna eta izateko espazioa da". Aldi berean, ziurtatu zuten "familia nuklearrari alternatiba bat eraikitzeko bide bat" dela transmaribibollo izatea. "Bestelako harreman ereduak sortu eta gizartea beste era batean egituratzeko bideak egitea" da. 

Horregatik, "ez dugu nahi onartuak izatea eta sistema honetan bizirauteko leku bat ematea". Gaineratu zutenez, "ardura eta erantzukizun indibiduala eta kolektiboa oinarrian izango dituen konpromisoa eskatzen dugu, dena aldatzeko". Azpimarratu zutenez, "heteroaraua eta sistema heterosexualaren baitan egituratutako oro desegin eta sistema berriak eraikitzera goaz; harreman eredu berriak, lan banaketa berriak". 

Ziurtatu zutenez, "sistema kapitalista zisheteropatriarkalak etengabe kolpatzen ditu gure bizitzak, egunero eta plano guztietan. Hala ere, gorputz batzuk beste batzuk baino gehiago dira kolpatuak. Kaleak eta egunerokoan egon behar garen beste espazio asko ez dira seguruak guretako". Horren aurrean, "bizitzak sostengatuko dituzte harreman sareak eraiki" nahi dituztela azaldu zuten. Horrela, "gure buruak eta komunitatea garatzea ahalbidetuko "dutelako. Bukatzeko, nabarmendu zuten transmaribibolloak "Sakanan ere errealitate bat gara".