Altsasuko Udalak Dantzaleku aldera doan ur sarea berritzeko lanak eman nahi ditu. Obrengatik udala 144.145,10 euro (BEZik gabe) ordaintzeko prest dago. Lanetan interesa duen enpresak bere eskaintza aurkezteko garilaren 4ko 23:59ra arteko epea du. Lanak egiteko 80 egun izanen ditu enpresa hartzaileak.
Gaur egun dagoen Dantzaleku kirol gunerako ur hornidura sareak Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutura eta Iñigo Aritza ikastolara adar bat du. Bidean dauden zenbait etxe ere urez hornitzen ditu sare horrek. Hodia zuntz-zementuzkoa da. Udalak jakinarazi duenez, “sareak 40 urte baino gehiago ditu eta oso hondatua dago, ohiko hausturekin, eta hausturen ondorio ez diren ohiko galerak ere izaten dira. Sarearen puntu batzuetara iristen den ur emaria eta haren presioa ez dira nahikoak Dantzalekuko igerilekuak betetzean”.
Sarearen berrikuntza San Pedro bideko errotonda ondoan dagoen erregistro kutxatilan hasiko da. Fundizioko hodiak jarriko dituzte ura eramateko. Hiru erregistro kutxatiletan ixteko giltzak jarriko dira, eta ur kontagailuak berrituko dira. Aldi berean, kutxatilatan sarea sekzioetan banatzeko giltzak ere izanen dira, ur ihes kasuan errazago atzemateko. Dantzalekura eta ikastetxeetara daramaten kaleen bidegurutzean porlanezko kamera bat eginen da. Han ixteko giltzak eta kontagailuak izanen dira. Gaur egun ez dago halakorik eta arazoren bat dagoen bakoitzean lurra jaso beharra izaten dute udaleko langileek.
Kanalizazio berria egiten den bitartean gaur egun dagoena martxan egonen da. Zerbitzua moztuko da bakarrik gaur egungo sarearekin loturak egin behar direnean. Hala ere, behin-behineko aireko ur sareko lineak aurreikusi ditu udalak, ur hornidura zerbitzua beti bermatzeko.