Castillo Suarez euskaltzain osoak 'Maitasunaren botanika' poesia irakurriko du sarrera-hitzaldian

Guaixe 2023ko eka. 30a, 13:26

Uztailaren 1ean, larunbata, Euskaltzaindiak Osoko bilkura eginen du Altsasuko udaletxean eta, ondoren, harrera ekitaldia izanen da Iortia kultur gunean.

2022KO irailaren 30ean, Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu zuen Castillo Suarez altsasuarra eta uztailaren 1ean, larunbata, sarrera-hitzaldia eginen du sorterrian, Altsasuko Iortia kultur gunean. Miren Agur Meabek emanen dio erantzuna. 10:00etan, Euskaltzaindiak Osoko bilkura eginen du Altsasuko udaletxean eta harrera ekitaldia 12:00etan izanen da. Bere bizitzan eragina izan duten poema liburuekin zein "bere gogoeta, kontraesan eta olerkiekin" hamabost belarkiz osatutako hitzaldia emanen du euskaltzain altsasuarrak, 'Maitasunaren botanika' izeneko poesia garaikidearen antologia pertsonalean.

Sarrera-hitzaldia ekitaldian Altsasuko txistulariek agintarien segizioari lagunduta udaletxetik Iortiaraino iritsiko dira ekitaldi instituzionalari hasiera emateko. Altasuko alkateak ongietorria eginen die bertaratutakoei, Andres Urrutia euskaltzainburuarekin batera eta, ekitaldian zehar, Sahatsa eta Pi hirukoteak lagunduko ditu mintzakideak. Ondoren, Castillo Suarezek sarrera hitzaldia irakurriko du eta Miren Agur Meabe euskaltzain osoak erantzunen dio. Azkenik, euskaltzain berriak karguaren zina eginen du, eta euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jasoko ditu. Ekitaldiaren amaieran Altsasuko Zortzikoa dantzatuko dute dantzari eta herritarrek.