Altsasun adinduek ariketa taldean egiteko aukera dute

Guaixe 2023ko uzt. 10a, 08:58

Igerilekuan ariketa egiten. UDALA

Udalak gimnasioan edo igerilekuan ariketa fisikoa egiteko eskaintza egin du.

Udalaren Altsasu mugitzen da programa 70 urte baino gehiagoko altsasuarrei zuzenduta dago. Zehazki, eskaintza hori da mugikortasun falta, indarrik ez, oinez ibiltzeko bastoia edo taka-taka erabiltzen dutenendako, erortzeko beldurra dutenendako edota autonimia galdu duten pertsonendako. Autonomia sustatzeko eta mendetasuna prebenitzeko programa hori Josefina Arregi klinikako teknikariek emanen dute.

Programaren baitan bi eskaintza daude. Bata, mojen gimnasioan ariketa fisikoa eginen da astelehen eta asteazkenetan. Lehenengo taldean 10:00etatik 11:15era ariko da; eta bigarrena, berriz, 11:30etik 12:45era. Zelandi kiroldegiko igerilekuan, berriz, astelehen eta ostiraletan izanen dira saioak, 12:30etik 13:30era arte. Hori egokia da belauneko, aldakako… artikulazioetako mina duten pertsonendako. Saioak irailaren 25ean hasi, eta heldu den urteko garagarrilaren 21ean despedituko dira. 

Izena emateko epea hilaren 10etik 19ra arte zabalik izanen da. Horretarako, edo informazioa eskatzeko, hots egin honako telefono zenbakietako batera: 948 012 012, 948 468 343 edo 948 467 662. Aurrez aurre izena eman nahi duenak Zelandi kiroldegiko Kirol Zerbitzuaren bulegotik pasa beharko du. Errentaren arabera ordaindu beharko da ikastaroan parte hartzeagatik. Gehien dutenek 241 euroko kuota izanen dute eta gutxien dutenek, berriz, 39 eurokoa. Plazak betetzean itxiko dute izen ematea. Informazio gehiago www.altsasu.eus webgunean dago.