Uztailaren 2an Erkudengo ama birjinaren irudia Altsasuko elizara eraman zuten, eta bederatziurrena beteta uztailaren hirugarren igandean, 16an, Ulaiarren dagoen ermitara erromerian eramanen dute. 09:30eak inguru aterako da elizatik prozesioa eta 11:00etan ermitara iritsi eta ama birjinaren omenezko meza eginen dute. Erkudeni eskainitako ereserkia abestu ondoren, txistulariek bertaratukoen hamaiketakoak girotuko dituzte eta zortzikoak dantzatzera animatuko direnak ere izanen dira. Altsasuko Udalak ardoa, gazta eta ura emanen du.
Bestetik, Altsasuko Mendigoizaleak taldeak Erkuden ermitara joateko zazpi kilometroko ibilbidea eginen du, 09:00etatik, taldearen egoitzatik abiatuta: Altsasu - Murgil - Zezeaga - Ulaiar - Erkudengo ermita. Erkudenen ondoren, uztailaren 23an, Bargagaingo Gurutzera erromeria eginen du Altsasuko Mendgioizaleak-ek.