Pentsioen aldarrikapenean udako etena

Guaixe 2023ko uzt. 17a, 09:31

Irailera arte ez da astelehenetan bilkurarik izanen.

Ikasturteko azken bilkura izan zen hilaren 10ekoa eta pankarta jaso ondoren, bazkaltzera elkartu ziren. Mugimenduko kideak irailaren 4an, astelehenarekin, eguerdian, Altsasuko udaletxe parean berrekinen diote ikasturte berriari. Baina kideak ez dira geldi egonen.

Sakanako Pentsiodunen Mugimenduak gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea eskatzen du. Eta etorkizuneko pentsioak duinak izan daitezen gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izatea. Mugimenduko kideek "premiazkoak bezain beharrezkoak" diren eskaerak zerrendatu dituzte: "gutxieneko pentsioak miserableak izaten jarraitzen dute, ez dira 1.080 eurora ere iristen. Genero arrakala betikotu egiten da, eta alarguntza pentsioan %100era iristeko ez dago aurrerapen nabarmenik. Eta erretiro aurreratuaren koefiziente murriztaileek milaka pentsiodun zigortzen jarraitzen dute". Hilaren 23ko hauteskundeetara aurkezten diren alderdiei aldarrikapen horiek bere egiteko "konpromiso argia" eskatu diete. 

Bestalde, Nafarroako heldu den urteko aurrekontuak ere begiz jota ditu mugimenduak: "Nafarroako Gobernuk eta Parlamentuak lege eta ekonomia nahikoa eskumen dituzte aurrekontuetan partida zehatz bat sortu eta gutxieneko pentsioen osagarri izateko". Pentsioak 1.080 eurora arte osatzeko eskatu diete, urtean 14 ordainketetan. Helburu hori lortzeko sindikatu eta gizarte eragileekin harremanetan daude Nafarroako pentsiodunen mugimenduko kideak, ekimen sozial, plural eta zabala martxan jarri nahi dute. Bestetik, Euskal Herriko mugimendua Europako herrietako pentsiodunen lehen topaketa antolatzen ari da. 

Uztailaren 10ean, astelehena, ikasturteko azken elkarretaratzea egin zuten, eta ondoren bazkaltzera bildu ziren. Irailaren 4an, astehena, 12:00etan, aldarrikapenak kalera aterako dituzte, Altsasuko udaletxearen aurrean.