Baso kudeaketari buruzko panelak jarrita

Guaixe 2023ko uzt. 19a, 09:03

Baso kudeaktea iraunkorrari buruzko panelak dameroen ibilbidearen ertzean daude.

Basoa nola eta zertarako kudeatzen den jakin nahi duenak basoan dagoen Dameroen bidea hartu eta han udalak jarritako bi informazio panelak irakurtzeko aukera du. Ikastetxeen parte hartzearekin egin dira.

Altsasuko Udalak baso kudeaketari buruzko bi interpretazio panel jarri zituen garagarrila akaberan. Bizibiziki SMU enpresak jarri ditu eta udalak 11.830 euro (BEZ kanpo) ordaindu dizkio. Dameroen ibilbidetik pasatzen direnak haien parean gelditu eta irakurtzeko aukera dute. Paneletako bat, haritz hostoaren itxura duena, Basoitxiren historiaren berri ematen du, baita Txanponazpi zergatik deitzen zen azaldu ere. Bigarren panelak, berriz, baso ustiaketa iraunkorraren gakoak zein diren azaltzen du. Besteak beste, mintegiez, landaketaz, bakanketaz, birsortze naturalerako mozketez, prozesatzeaz eta biomasaz azalpenak ematen ditu. 

Bi paneletan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen mailako ikasleek egindako marrazki batzuk ere ikus daitezke. Izan ere, panelak egin aurretik Altsasuko Udalak ingurumen hezkuntzako tailerrak antolatu ditu ikastetxeetan. Tailerrek bi zati izan zituzten, alde batetik, basora joan eta zuhaitz espezieen inguruko informazioa ikasleei ematea. Eta, bestetik, baso kudeaketaren berri ematea. Ingurumen hezkuntzako tailerrak Altsasu DBH institutuan, Sagrado Corazon ikastetxean eta Iñigo Aritza ikastolan eman ziren. Eta, esan bezala, ikastetxe horietako ikasleek egindako marrazkietako batzuk dira paneletakoak.