Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpainaren baitan, EH Bilduk ekitaldi politikoa egin zuen Altsasun igandean. Bertan, hizlari koalizioaren Nafarroako Kongresurako zerrendaburuak, Bel Pozuetak hartu zuten hitza. Pozuetak nabarmendu zuenez, "EH Bilduk Madrilen indartsu jarraitu behar du izaten gehiengo sozialarendako eskubideetan aurrera egiten jarraitzeko". Koalizioa "gero eta herritar gehiagok babesten" dutela eta haren alde bozkatu duela nabarmendu zuen.
Hautagaiak nabarmendu zuenez, "Madrilen indartsuak izateari esker, herritarrendako eta gehiengo sozialarendako eskubide eta askatasun gehiago lortu ditugu eta, gainera, Nafarroa aurrerakoi, euskaltzale eta anitzak ahotsa izatea lortu dugu. Eta ez bakarrik ahotsa. Eskubideetan, autogobernuan eta politika publikoetan pauso esanguratsuak eman ditugu". Pozuetak pauso horietako batzuk zerrendatu zituen: etxebizitza pribilegioa baino eskubidea izan dadin legez arautzea; La Cumbre eta Ezkabako gotorlekua memoria gune izendatzea; gutxieneko pentsio baxuenak, alargunenak eta kotizazio gabekoak igotzea; Nafarroak trafikoko eskumena berreskuratzea; eta bankuei, energia enpresei eta fortuna handiei zergak igotzea eta foru ogasunek kudeaketa propioa izatea, "gehien dutenek gehiago ordain dezaten". Gaineratu zuenez, "euskara eta euskal kulturaren sustapenerako inbertsioak eskuratu ditugu".
Laburbilduz, EH Bildu indar eraginkorra da. Eraginkorrena Nafarroako eta Euskal Herriko herritarren aldeko politikak Madrilen borrokatu eta gurera ekartzeko. Eta hori posible izan da, gero eta herritar gehiagok babesten gaituztelako. EH Bildu bozkatu dutelako