Espainiako Gorteetako hauteskundeak direla eta, Vox alderdiko lau kidek informazio postua jarri dute. Haien artean alderdiaren Kongresurako Nafarroako 3. hautagaia Jose Maria Garcia Elorz zegoen, abokatua eta Nafarroako VOXeko zerbitzu juridikoen arduraduna dena. Alderdiko kideetatik gertu, dozena bat guardia civil, kalez jantzitako gutxienez lau eta Guardia Civilaren lau ibilgailu daude.
Voxekoak 10:00etan jarri dira azoka hartzen duen estalpearen parean, Bakean kalean. Kalearen beste aldean hainbat altsasuar elkartu dira, Faxismoaren aurrean, langile batasuna leloa zuen deialdia egina baitzegoen. Faxismoaren kontrako oihuak egin dituzte, baita faxismoaren aurrean antolatzera deitu ere. Pertsona bat bera ere ez dela ilegala ere oihukatu dute. Ordu bat egon dira haien parean kontzentratuta.
Alderdiaren bisitak haserrea sortu du altsasuar askoren artean: “Altsasuren kontura berriro oihartzun bila”. Voxen ideologiari ere kritika egin diete hainbatek. Eta ikusita bilkura zegoela, azokara joandako hainbat, tarte batez bada ere, bilkuran gelditu dira.